Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Ekainak 13

Zenbaketa amaituta, Parlamentua eratzeko bilkura ekainaren 19an eginen da

Behin betiko emaitzen arabera, 50 eserlekuak horrela banatuko dira: Navarra Sumak 20, PSNk 11, Geroa Baik 9, EH Bilduk 7, Podemos-Ahal Duguk 2, eta Izquierda-Ezkerrak 1

Hauteskunde Batzordearen behin betiko zenbaketak Izquierda-Ezkerrak hauteskunde gauean lortutako eserlekua berretsi du, eta Navarra Sumak eserleku bat gehiago eskuratu du, 20 eserleku lortuta.

 

Emaitza hauen arabera EH Bildu izan da eserlekua galdu duena UPN, PP eta Ciudadanosek osatutako formazioaren mesedetan, izan ere, igande gauean, botoen %98,14 zenbatuta, EH Bilduri eserlekua kentzeko 24 boto besterik ez zituen falta formazioak.

 

Hala ere, kopuru hauek ez dute Parlamentuko indarren korrelazioan aldaketa handirik suposatzen, izan ere, Navarra Sumak 20 eserleku ditu, PSNk 11, Geroa Baik 9, EH Bilduk 7, Podemos-Ahal Duguk 2, eta Izquierda-Ezkerrak 1.

 

Zenbait gertakari direla eta emaitzak sistemara irauli ez zituzten 17 mahaien emaitzek (6.534 boto) osatu dute behin betiko zenbaketa batetik, eta bestetik atzerrian bizi diren nafarren 1.611 botok.

 

Foru Gobernuak zabaldutako datuen arabera, Navarra Sumak 127.346 boto eskuratu ditu, PSNk 71.838, Geroa Baik 60.323, EH Bilduk 50.631, Podemos-Ahal Duguk 16.518 eta Izquierda-Ezkerrak 10.472 boto. Ordezkaririk lortu ez duten gainerako formazioen emaitza hurrengoa da: Voxek 4.546 boto, Equok 1.597, Representación Cannábica de Navarrak 1.251, Libertate Nafarrak 502 eta Autogestión Internacionalistak (SAIN) 438 boto.

 

Guztira 485.405 hautesle izan dira eta 350.370 pertsonak eman dute botoa, horietatik 2.169 baliogabekoak eta 2.731 zuriak.

 

Formazio politikoek egun bateko epea dute Hauteskunde Batzorde Probintzialaren aurrean erreklamazioak aurkezteko, eta honek ere egun bateko epea edukiko du ebazteko.

 

Ebazpen hauen aurka helegiteak jar daitezke, Hauteskunde Batzorde Zentralak ebazteko. Horretarako, organo honek bi eguneko epea edukiko du bi alderdiak entzuteko eta egun bateko epea behin betiko ebazpena argitaratzeko.

 

Foru hauteskundeen ondoren, Nafarroako Parlamentua eratzeko bilkura ekainaren 19an eginen da, 11:00etan.

 

 

PARLAMENTURAKO HAUTESKUNDEAK

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legearen bidez arautzen dira. 50 parlamentari hautatzen dira hauteskunde-barruti bakarrean. Hautagaiak zerrenda itxi eta blokeatuetan aurkezten dira, eta herritarrek emandako botoen arabera banatzen dira jarlekuak, D’Hondt legearen bidez zuzendutako sistema proportzional batean.

 

Ekainaren 19ko eratze-bilkuran, Parlamentuak bere lehendakaria eta hurrengo lau urteetan erakundea gobernatuko duen Mahaia hautatuko ditu.

 

Egun horretatik aurrera, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria aurkezteko eta, kasua bada, hautatzeko prozedura eginen da.

 

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria Parlamentuak hautatzen du bere kideen artetik, eta erregeak izendatzen du.

 

a) Proposamena. Parlamentua eratu eta 10 eguneko epean, Parlamentuko lehendakariak kontsulta egin behar die bertan ordezkaturik dauden alderdi edo talde politikoek izendatutako eledunei, hautagai bat proposatu behar du, eta osoko bilkurarako deia egin behar du, 3 egun lehenagotik, gutxienez.

 

b) Inbestidura eztabaida. Parlamentuko lehendakariak proposamena jakinaraziko du. Horrela hasiko da inbestidura bilkura. Ondoren, hautagaiak bere programa politikoa azalduko du, denbora mugarik gabe. Talde parlamentarioak hogeita hamarna minutuz mintzatu ahalko dira, handienetik hasi eta txikieneraino; hitz egiten azkena Talde Mistoa izanen da, eta dagokion denbora taldekideen artean banatu ahalko du. Hautagaiak nahi duen guztietan erantzun ahalko die taldeei, banaka edo batera, eta taldeek eskubidea izanen dute hari ihardesteko, Legebiltzarreko lehendakariak erabakitzen duen denboraz.

 

c) Bozketa. Bozketa isilpekoa izanen da eta boto-txartelen bidez eginen da. Lehendakariak aurrez ezarritako orduan eginen da. Hautagaiak gehiengo osoa lortzen badu, konfiantza eman zaiola ulertuko da; halako gehiengorik lortzen ez badu, hogeita lau orduren buruan beste bozketa bat eginen da, eta horretan konfiantza eman zaiola ulertuko da gehiengo soila lortzen badu.

 

d) Izendapena eta karguaz jabetzea. Hautagaiari konfiantza ematen bazaio, Parlamentuko lehendakariak erregeari jakinaraziko dio hori, hautagaia Nafarroako Gobernuko lehendakari izenda dezan, BOEn eta NAOn argitaratuko den errege dekretu baten bidez; dekretu hori NAOn argitaratzen denetik 10 egun natural iragan baino lehen, lehendakari hautetsia karguaz jabetuko da, zin edo promes eginez Parlamentuko lehendakariaren aurrean (abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 24. eta 25. artikuluak).

 

Hautagaia arbuiatzen bada, hurrenez hurreneko hautagai-proposamenak izapidetu beharko dira modu berean.

 

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak egin eta gero hiru hilabete iragan eta hautagairik aurkeztu ez bada edo aurkeztu direnetatik inor hautatu ez bada, Parlamentua deseginen da eta beste hauteskunde batzuk deituko dira berehala. Hauteskunde dei horretatik sortzen den Parlamentu berriak lau urteko legealdi osoa iraunen du.