Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Irailak 20

Sodenaren jarduketei buruzko eta Gobernuak nahiz bertako kideek horietan 2002tik izandako inplikazioari buruzko ikerketa batzorde bat sortzea onetsi da

GB, Bildu, Podemos-OB eta I-Eren ekimena, PSNren sostegua izan duena, inbertsio “ezohikoen” gainean, Iberdrolako akzioen salerosketa barne, Kontuen Ganberak egindako zenbait txostenetan oinarritu da

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak ikerketa batzorde bat sortzea onetsi du gaur Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkakoekin, honako hau aztertzeko asmoz: Sodenaren jarduna eta Gobernuaren nahiz bertako kideen inplikazioa Iberdrolako akzioen salerosketan (2005-14), huts egindako finantza-inbertsio batzuen zehaztapenean eta Davalor Salud SL enpresari maileguak emateko orduan.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek proposatutako ikerketa batzordearen xedea izanen da “Sodena enpresa publikoak Iberdrolako akzioak salerosteko operazioan (2005-2014) izandako prozedura eta haren emaitza aztertzea”.

 

Halaber, Sodenaren jarduna aztertuko da hauei lotuta: “Zenbait proiektutan egindako finantza-inbertsioak, eta Kontuen Ganberak aztertutakoen artetik (2002-13), huts egin zutenak, bai eta sozietate publiko horren eginkizunera egokitzen den ere”.

 

Sodenak Davalor Salud SL enpresari “mailegu batzuk emateko erabilitako prozedura” ere ikertuko da.

 

Eta amaitzeko, “operazio horietan guztietan Nafarroako Gobernuak eta bertako kideek izandako inplikazioa” izanen da aztergai.

 

Zioen azalpenean, proposatzaileek Kontuen Ganberaren zenbait txosten aipatu dituzte; txosten horietan agerian jartzen da Sodenak “huts egindako era askotako inbertsioen alde egindako apustua; haietako askok oinarri juridiko eta ekonomikorik ez dute eta, hortaz, justifikatzeko oso zailak dira”.

 

Hala, 2002-2013 bitartean “Sodenak partaidetzazko enpresetan egindako finantza-inbertsioei buruzko txosten mardul” baten berri eman ondoren, Iberdrolako akzioen salerosketari (2005-2014) buruzko beste bat aipatu da eta, bertan, fiskalizazio organoak “ohiz kanpoko” eragiketaz hitz egin du. Esku-hartze horren harira, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek azpimarratu dutenez, “errentagarritasun ekonomikorik eta sozialik gabeko azterketa egin ez izanak diru publiko asko galtzea eragin zuen, 19,6 milioi euro, zehazki”.

 

Davalor enpresari dagokionez, ikerketa batzordearen sustatzaileen iritziz “Sodenaren inbertsio gardenenarekin” kontrajarrita dago aurreko eragiketen oinarririk eza, proiektu baten alde egindako apustuak duen “babes juridiko eta ekonomikoarekin” batera; Kontuen Ganberaren 2017ko txostenean jasotzen denez, proiektu hori “sektore estrategiko baten barnean dago, eta produktu paregabea, berritzailea du, goi teknologia baliatuz egindakoa”.

 

Amaitzeko, gogora ekarri da Sodena enpresa-proiektuak sustatzeko sozietate publikoa dela, eta horretarako finantza-babesa ere ematen duela maileguak emanez eta kapitalean parte hartuz; zeregin hori 2016an “36 proiektutan 12 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa eginez” gauzatu zen.

 

UPN, PSN eta PPNren hasierako ekimenak ez du aurrera egin

 

Nafarroako Parlamentuak, gaur egindako osoko bilkuran, ikerketa batzorde bat sortzeko proposamena atzera bota du, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldekoekin. Honako hau aztertzeko proposatu da ikerketa batzorde hori sortzea: Sodena enpresa publikoak Davalor Salud SL enpresari zenbait mailegu emateko erabilitako prozedura.

 

Ikerketa batzordearen xedea zen “Nafarroako Gobernuak eta, zehatzago, jakitea zer nolako inplikazioa izan duen Garapen Ekonomikorako lehendakariorde Manu Ayerdik mailegu horien esleipenean, haiek emateko Sodenaren irizpideetan izandako aldaketetan, bai eta kredituak ematen jarraitzeko erabakian ere, nahiz eta enpresa egoera ekonomiko txarrean egon; izan ere, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ez ditu egunean eta azken bi ekitaldietan ez du konturik aurkeztu”.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek gehitze-zuzenketa bat aurkeztu dute, batzordearen helburuak hedatzeko asmotan, lau talde horien eskariz azkenean onetsi den sorrera-proposamenean azaldutakoak ere barnean hartuz; baina proposatzaileek ez dute onartu zuzenketa hori, proposamenaren berezko xedearen aurkakoa zelakoan.

 

Zioen azalpenean, UPN, PSN eta PPNk azpimarratu dute Nafarroako Gobernuaren eta Ayerdi lehendakariordearen “ohiz kanpoko inplikazio ” horren atzean dauden kausak argitu behar direla; lehendakariordeak berak “apustu pertsonal” bati buruz hitz egin zuen enpresa bati kreditu babesa emateko eta mantentzeko prozesuan, “iragan uztailaren 5etik hartzekodunen konkurtsoan dagoena; kapital publikoa arriskuan jarri du, eta baita Foru Gobernuak babestutako proiektu batean beren dirua arriskatu zuten askotariko inbertitzaile txikien kapitala ere”.

 

Horri dagokionez, gobernu aldaketaren ondoren eta horren ondorioz Sodenaren Administrazio Kontseiluan izandako aldaketen ondoren Davalor Salud SL enpresari eman zitzaion milioi bateko “partaidetzazko kreditua” aipatu eta gero (2,2 milioi euroko beste bat eman zitzaion 2016ko abenduan), 2017ko maiatzean Kontuen Ganberak emandako txostenari heldu zaio; bertan, enpresak “maileguekin jarraitu ahal izateko eskatutako betebeharrak egunean ez zituela” egiaztatuta, Foru Gobernuko finantza-tresna nagusiaren jarduna zalantzan jarri zen, baina, “hala ere, Gobernuak 650.000 euro beste bi ordainketa egin zituen (2017ko udan)”.

 

Hori guztia aintzat hartuta eta Davalor Salud SL enpresaren bideragarritasuna “erabat kolokan” dagoela ikusirik, talde sinatzaileek azalpenak eskatu dituzte maileguan emandako 2.650.000 bat euroen inguruan eta oraindik “baimentzeke” dauden 550.000 euroen inguruan.

 

Sodena SL Nafarroako Gobernuaren finantza-tresna da Nafarroako Foru Komunitateko enpresen garapena sustatzeko eta, horretarako, arrisku-kapitala baliatzen du. Bere jardueraren oinarria da Nafarroako garapen orekatu eta jasangarriari laguntzen dioten enpresa-proiektuetan modu aktiboan eta eragingarrian parte hartzea.