Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Martxoak 30

Sindikatuekiko eskola-itun berri baten bidez murrizketen amaiera planifika dadila eskatu du Parlamentuak

Beharrezkotzat jotzen baitu “irakaskuntza publikoa lehenetsi eta garatzea, gizartearen kohesioaren eta justizia sozialaren zerbitzuan dagoen tresna den aldetik

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkako botoekin gaurko osoko bilkuran onetsi duen erabaki batean, Parlamentuak Foru Gobernua premiatzen du “pairatutako murrizketei amaiera eman ahal izateko jarraitu beharreko ibilbide-orria planifika dezan, sindikatuekin batera, eskola-itun berri baten bidez (ratioak, irakastorduak, ordezkapenak eta abar), eskola publikoaren kalitatea hobetzen jarraitu ahal izateko”.

 

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan PPN abstenitu egin da. Bertan honako hau eskatzen zaio Nafarroako Gobernuari: “Irakasleentzako prestakuntza-plan bat ezartzea, egungo erronkei erantzunen diena, berrikuntza etengabea eta jardunbide egokiak ahalbidetuko dituena, etekina atereaz irakasleen nahiz administrazioaren ahaleginei”. Gainerako taldeek alde bozkatu dute.

 

Aurrekoak bezainbesteko babesa jaso duen beste puntu batean Foru Gobernua premiatzen da “irakasleen egonkortasuna bultza dezan eta plantilletako bitarteko langileen kopurua murriztu dezan, halako moduan non talde didaktikoak sortzea eta sendotzea eta egiten ari diren proiektuak sendotzea ahalbidetuko baita”.

 

Bestalde, UPNren eta PPNren aurkako botoak jaso dituen puntu batean Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “ikastetxe publikoentzako laguntza ekonomikoa ziurta dezala, jatorri ekonomikoari zor zaizkion desberdintasunak konpentsatu ahal izateko”. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek alde bozkatu dute.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “ez dadila ikaslerik gera, bere borondatearen kontra, ikastetxetik at programatutako hezkuntza-jardueretan parte hartzeko aukerarik gabe –sarritan, eskola publikoko ikasleen zenbait sektore kultur edo kirol jardueretan parte hartu gabe gelditzen dira horretarako ahalmen ekonomikorik ez dutelako (aste txuria, txangoak, interpretazio-zentroetara edo museoetara egindako bisita gidatuak, eta abar)–”.

 

Asmo horrekin, hau aurreikusten da: “Zuzendaritzek, tutoreekin eta orientazio-zerbitzuekin, beharrizan horiek ase ditzaten, eta eraginkortasunez eta diskrezioz joka dezaten, Hezkuntza Departamentuaren zalantzarik gabeko eta lehentasunezko laguntzarekin. Halaber, azpielikatutako ikasleen oinarrizko beharrizanetarako diru-laguntzak eman ditzan”. Bi paragrafo horien alde agertu dira UPN, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-E, eta abstenitu egin dira Geroa Bai eta EH Bildu.

 

Jatorrizko mozioak bazituen beste bost puntu, baina ez dute aurrera egin. Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek bakarrik babestu dituzte, UPN eta PPNk kontra bozkatu dute, eta Geroa Bai eta EH Bildu abstenitu egin dira.

 

Puntu horietan, Foru Gobernua premiatzen zen “eskola mapa eta horri dagokion ikastetxe-sarea gaurkotu ditzan eta horien plangintzaren epe motzeko eta ertaineko jarraipena egin dezan”.

 

Bestalde, eskatzen zitzaion “egun dauden ikastetxe publikoak ahal den guztia erabiltzeko, haiei etekinik handiena atereaz”.

 

Dei egiten zitzaion “ikastetxe berriak diseinatu eta eraiki ditzan halako moduan non aldatu eta handitzeko modukoak izanen baitira, betiere haien erabilera soziala sustatuz eta haien zentralitatea bilatuz, herriaren artikulazioa errazteko. Ikastetxeak abegikorrak, ekologikoak eta energetikoki iraunkorrak izan daitezen, eta kontuan har dezaten, batez ere patioetan, genero-ikuspegia, bai eta LGTBIrena ere”.

 

Halaber Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion “ildo estrategiko batzuk definitzeko, bai eta kasuko egutegia, baliabideak, adierazleak eta aldizkako ebaluazioa ere”, eta “berdintasunaren aldeko eta diskriminazio mota ororen aurkako plan bat taxutzeko”.

 

Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeak bultzatu duen erabaki horren zioen azalpenean gogora ekartzen da Nafarroako Hezkuntza Sistemari buruzko 2016ko maiatzaren 27ko osoko bilkura monografikoan onetsitako hamazazpigarren erabakiaren edukia, eta, horri dagokionez, hezkuntza publikoa “kohesio eta justizia sozialaren zerbitzuan dagoen funtsezko tresna” dela azpimarratzen da.

 

Esparru horretan, proposatzaileak gogorarazten du Parlamentuak dei egin duela “Nafarroako irakaskuntza publikoa sustatu, lehenetsi eta garatzeko, halako moldez non eredu bat sustatuko duen, inklusiboa, sozializatzailea, laikoa, ez-sexista, demokratikoa, parte-hartzailea, eleaniztuna, ingurune fisiko-sozialean txertatua, desberdintasunen berdintzailea eta guztien eskola arrakasta bermatzeko behar diren baliabide guztiez hornitua”.