Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Otsailak 21

Parlamentuko Lehendakariak Joaquín Mencos Nafarroako Unicefen arduradun berriari harrera egin dio

Unai Hualdek haurren eskubideen defentsan Legebiltzarrak eta Unicefek elkarrekin orain arte gauzatutako langintzari jarraipena emateko borondatea agertu du

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek gaur bere bulego ofizialean harrera egin dio Joaquín Mencos Unicef erakundearen Nafarroako Batzordeko arduradun berriari, baita berarekin batera etorri den Maider Gabilondo koordinatzaileari ere.

 

Bileran, Joaquín Mencosek Unai Hualderekin partekatu du Nafarroako Unicefeko presidente gisa duen ibilbide-orria, 2024rako lankidetza-proposamena helarazi dio, eta NBEko agentzia espezializatu honek EBko haurrei eta migrazioko kontingentzia humanitarioko politikei buruz egin dituen azken bi txostenen ondorioak azaldu dizkio.

 

Horren harira, Mencosek ohartarazi du "pobrezia eta gizarte-bazterkeria tasak oso altuak" direla, eta, "osasun mentaleko arazoak, ingurumen-arriskuak edo teknologia berriei lotutako arriskuak" alde batera utzi gabe, Europar Batasuneko haur askoren eskubideak mehatxatzen dituztela, "munduko eskualderik oparoenetako bat izanik ere".

 

Ukrainako gerraren ondorioz sortutako migrazio-fenomenoari dagokionez, Unicef Nafarroako presidenteak azpimarratu du "erantzun instituzional, politiko eta soziala" jarri dela martxan, 2023 hasieran Espainiara iritsitako 57.000 adingabe baino gehiagori aldi baterako babesa emateko, baina deitoratu du "estaldura horrek ez zituela beste jatorri batzuetako haurrak hartu. Gure txostenak gomendioen zerrenda bat jasotzen du, bereizketarik gabe, haurrak krisi-testuinguru horietan babesteko".

 

Mencosek, amaitzeko, Nafarroako Parlamentuarekin adostutako lankidetza instituzionalari jarraipena ematearen alde egin du, bai lan-saioetan parte hartuz, bai hainbat ekitaldi antolatuz, besteak beste, Haurren Eguna, urtero azaroan ospatzen dena.

 

Unai Hualdek, bere aldetik, bere prestutasuna helarazi dio Unicefen Nafarroako ordezkaritzari, Haurren Munduko Egunaren karietara adingabeen problematikak ikusarazteko ekitaldi bat egin dadin berriro ere Nafarroako Parlamentuan. Halaber, gogoratu du 2021ean osoko bilkura monografiko bat egin zela gai honen inguruan, eta, halaber, aurreko legegintzaldiaren amaieran onetsi zela Haurrentzako eta nerabeentzako laguntzari eta babesari buruzko Foru Legea.

 

1946an fundatu zenetik, haurren eskubideen alde lan egiten duen erakunde nagusia dugu UNICEF, eta lan-ordezkaritzak ditu 190 herrialde eta lurraldetan. Espainian, berak dauka planetako txoko guztietan haur guztiekin konprometitutako nazioarteko erakundea den Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsaren ordezkaritza. Azken bateko helburua da Haurren Eskubideen Konbentzioan jasotako eskubide guztien aldezpena.

 

Agindu horri jarraikiz, Nafarroako Batzordeak ekarpena egiten du, halaber, haur bakoitzak eskueran izan ditzan osasun eta hezkuntza zerbitzuak, ura eta saneamendu egokia, eta indarkeriatik eta esplotaziotik babestuta bizi dadin.