Noiz argitaratua Ostirala, 2024.eko Urtarrilak 19

Parlamentuko Lehendakariak 2024 urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Proiektua jaso du gaur eguerdian

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura eginen dute astelehenean testuaren prozedura eta izapidetze egutegia adosteko, eta 5.835,9 milioi euroko gastua aurreikusten da

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak 2024 urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Proiektua jaso du gaur José Luis Arasti Ogasun eta Ekonomia Kontseilariaren eskutik. Aurreikusten denez, martxoaren 7an eginen da behin betiko eztabaida.

 

Unai Hualdek nabarmendu du Gobernuan gehiengo osorik ez dagoenez Parlamentuak 2019tik duen "funtsezko" papera, eta talde parlamentarioei dei egin die "hitz egin eta eztabaidatu dezaten beharrezko akordioak lortzeko, hainbat astez kolektibo eta elkarteekin bilerak egin eta haien eskaerak entzun ondoren".

 

Horri dagokionez, lehendakariak ondorioztatu duenez, "Legebiltzarreko gehiengo aurrerakoiak jarraipena eman behar dio 2015ean hasitako lanari, ordutik aurrekontu guztiak onartu baitira. Gobernuaren jarduera eta Legegilearen laguntza- eta kontrol-lana markatzen dituen legea da", berretsi du.

 

José Luis Arastik, bere aldetik, 2024rako aurrekontu proiektuaren “izaera soziala” azpimarratu du. “Proiektu horren % 51,4 osasunean, hezkuntzan edo eskubide sozialetan inbertitzera bideratuko da. Gastu soziala 3.000 milioi baino gehiagokoa da, hedapen-dinamika horri eustea batere erraza ez den une honetan. Gobernuak premia handiena duten edo desberdintasun-egoerak jasaten dituzten kolektiboetan zentratzen jarraituko du".

 

Azkenik, EH Bildurekin lortutako aurrekontu-akordioaren balioa azpimarratu du Arastik, "Gobernuak negoziatzeko egindako deiari erantzun dion alderdi bakarra izan baita. Helburua zerbitzu publikoak bermatzea eta berdintasunezko aurrerapen ekonomiko eta soziala ahalbidetzea da". 4.420.000 euro izango ditu EH Bilduk zuzenketak egiteko, Arastik zehaztu duenez, "argitara emango" den itun "garden" baten xehetasunei dagokienez.

 

2024. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Proiektua emateko ekitaldia erakunde aretoan egin da. Jarraian, Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak eta José Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak hedabideen aurrean agerraldia egin dute atalondoan.

 

Mahaia eta Eledunen Batzarra astelehenean bilduko dira proiektuaren prozedura eta tramitazio egutegia adosteko. Lehendakariak behin behineko datak aurreratu ditu.

 

Hualdek iragarri duenez, Foru Lege proiektua Nafarroako Parlamentuaren Aldizkari Ofizialean hilaren 23an argitaratuko da, eta talde parlamentarioek eta parlamentarien elkarteek urtarrilaren 30era arteko epea (12:00) izanen dute osoko zuzenketak aurkezteko, eta otsailaren 8ra arte zuzenketa partzialak aurkezteko.

 

Otsailaren 8an osoko bilkurak proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak eztabaidatuko lituzke, eta, aurkeztu ezean edo aurrera egin ezean, otsailaren 23tik martxoaren 1era bitartean zuzenketa partzialak eztabaidatuko lirateke Ekonomia eta Ogasun Batzordean.

 

Azkenik, Osoko Bilkurak martxoaren 7an 2024 urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuaren inguruan Ogasun eta Ekonomia Batzordeak egindako irizpena eztabaidatuko du.

 

2024 urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektua 6.355.410.182 eurokoa da, horietatik gastu ez-finantzarioaren zenbatekoa 5.835.972.554 eurokoa da (Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako Parlamentua eta Nafarroako Kontseilua) eta gainerakoa, 519.437.628 euro, finantza gastuei dagokiena.

 

Gastu ez-finantzarioaren gehieneko zenbatekoa % 10,5 igo da 2023ko aurrekontuaren aldean. Azken horretan 4.767.034.210 eurokoa izan zen; beraz, zenbaki absolututan 597 milioiko aldea dago.