Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Ekainak 8

Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatu dio osasun mentaleko hertsatze-praktika klinikoak zertan diren ezagutzeko azterlan bat egin dezala

Estrategia bat eskatzen du, eusteko teknika klinikorik gabeko jardun klinikoa garatu ahal izateko, prestakuntza eta baliabide egokien bitartez

Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi duen ebazpen baten bidez, Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “azterlan bat egin dezan, ezagutze aldera zertan diren hertsatze-teknikak (bereziki, euskailu mekanikoen teknika), Nafarroako Foru Komunitatean halakoak erabiltzen dituzten zentroetan”.

 

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, bestalde, Foru Gobernuari eskatzen zaio “programa bat ezar dezala Osasun Departamentuaren aldetik, neurri egokiak ezartze aldera”.

 

Programa horretako neurrien helburuetako bat izanen da, zehazten denez, “erregistroak ezartzea, loturak edo euskailuak arautzen ez direnetan eta etorkizunari begira haien erabilera ekiditeko neurriak maila ezberdinetan proposaturik”.

 

Aurreikusten da, gainera, “helburu estrategikoak eskuratze aldera nazioartean jadanik erabili diren jardunen mapa bat egitea, dagoeneko eraginkorrak izan diren neurrien erabilera errazteko”.

 

Horretarako prestakuntza programa bat garatu behar da, “zeinak bultzatuko baititu pertsona erdigunetzat duen harreman terapeutikorako jokabideak Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren prestakuntza planaren barnean”.

 

Prestatze prozesuari dagokionez, “erabiltzaileak sartuko dira aipatu estrategiaren diseinuan, benetako bideak ezarriz parte hartzeari eta kontrolari begira”.

 

Jada hirugarren atalean, gainera, Nafarroako Gobernua premiatzen da “prozedura bat ezar dezan hartutako neurriak ebaluatzeko”.

 

Mozioak bazuen laugarren atal bat (baztertu egin da), honako hau eskatzen zuena: “Gizarte Politiketako kontseilariaren apirilaren 2ko 186/2014 Foru Agindua, hirugarren adineko eta desgaitasuneko egoitzetan loturak erabiltzeko protokoloa onesten duena, ebaluatu eta mozio honetan agertzen diren irizpide eta proposamenetara egokitzea”. Atal hori talde batek ere ez du babestu, EH Bildu eta Podemos abstenitu egin dira, eta UPN, Geroa Bai, PSN eta PPNk aurka bozkatu dute.

 

Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioak sustatu eta Geroa Bai talde parlamentarioak zuzendutako ebazpenaren zioen azalpenean osasun mentaleko sistema publikoak egokitzeko deia egiten da, Cartagenako Manifestua bezalako agiriek ezartzen duten ildoari egokitze aldera, nahasmendu mentala diagnostikatuta dutenen giza eskubideen eta duintasunaren aurkako jardunbide instituzional orori amaiera emateko.

 

Horretarako, osasun mentalaren arloan ohikoak izan diren “arreta-sare zatikatua, baliabideen urritasuna eta garrantzi politiko urria” ikusita, aldaketa aldarrikatzen da “antolaketaren eta kulturaren aldetik, behar adina baliabide jarri beharko baitira hertsatze-teknikarik ez erabiltzeko, hori, azken finean, indarkeria era bat izan daitekeelako, are aldez aurretik ezarritako lotura terapeutikoak ahuldu eta hautsi ahal dituena”.