Noiz argitaratua Astelehena, 2024.eko Urtarrilak 8

Parlamentuak ez du onartu Bilduri edo ETAren terrorismoa gaitzesten ez duen beste edozein indarri babesa ukatzea proposatzen zuen adierazpen instituzionala

Eledunen Batzarrak baztertu egin du adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak arbuiatzen baitu EH Bilduri edota ETAren terrorismoa pitzadurarik gabe gaitzesten ez duen indar politiko orori babesa ematea. PPN talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

UPNk aldeko botoa eman du; PSNk aurka bozkatu du; EH Bildu, Geroa Bai, Contigo Zurekin eta Voxek ez dute ezer adierazi.

 

Baztertutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

1. Nafarroako Parlamentuak arbuiatzen du EH Bilduri edota ETAren terrorismoa pitzadurarik gabe gaitzesten ez duen eta zerrendetan odol-delituengatik kondenatuak sartzen dituen indar politiko orori babesa ematea edozein gobernu lortzeko.

 

2. Nafarroako Parlamentuak terrorismoaren biktima guztiak babestu eta oroitzen ditu eta haien memoria, duintasuna eta justizia aldezten du beti.

 

3. Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten ditu ETA banda terroristak egindako atentatu guztiak.

 

4. Nafarroako Parlamentuak defendatzen du alderdi politikoen arteko akordioak lortzea erakunde eta udalerriak gobernatzeko gehiengo nahikoak lortze aldera. Betiere, akordio horiek egiten badira Zuzenbide estatua errespetatzen duten, Espainiako Konstituzioa Estatuko oinarrizko araua den aldetik onartu, bete eta betearazten duten, edozein jatorriko terrorismoa gaitzesten duten eta terrorismoaren biktimak babesten dituzten alderdien artean.