Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Maiatzak 24

Parlamentuak baimena ematen dio Sodenari Sendaviva eta Dynamobelekin finantza-eragiketa berriak formalizatzeko

Araudiaren azken aldaketarekin bat etorriz, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan ezarritako gehieneko arrisku biziaren % 5 gainditzen duten abal- zein mailegu-eragiketak egiteko, Ganberaren baimena beharko da

Parlamentuko osoko bilkurak onetsi du gaur, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, PSN, PPN eta I-Eren aldeko botoekin eta Podemos-Ahal Duguren abstentzioarekin, Sodenak Dynamobel SArekin 2014ko, 2015eko, 2016ko eta 2017ko ekitaldietan formalizatutako mailegu-eragiketak baliozkotu eta horiek formalizatzeko baimena ematen duen foru legea. Lege horrek, gainera, baimena eman du 2018an mailegu- eta abal-eragiketa gehiago egiteko (horiek, gehienez ere, hiru milioikoak izanen dira).

 

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko 13/2007 Foru Legeak, maiatzaren 16ko 10/2014 Foru Legeak 75. artikuluaren 3. apartatuan eta 82 ter artikuluaren 2. apartatuan emandako idazketaren arabera, xedatzen du Parlamentuaren baimen espresua behar duela edozein pertsona fisikok nahiz juridikok ekitaldi bakoitzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean ezarritako gehieneko arrisku biziaren % 5etik gorako abalak edo maileguak eskuratzeko. Gehieneko arrisku bizia erakunde emailearen arabera ezarriko da, hau da, kontuan izanda Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ala haren mendeko erakundeek igorritako abalak eta emandako maileguak diren.

 

Nafarroako Garapen Sozietateak (Sodena) 2014ko azaroaren 13tik aurrera —orduan jarri zen indarrean araudiaren azken aldaketa— egindako eragiketei erreparatuta, egiaztatu da Sendavivari emandako maileguak edo abalak % 5etik gorakoak direla. Hortaz, Nafarroako Parlamentuaren baimen espresua behar da, eta hura emateko, honako lege hau onetsi da, kasu honetan irakurraldi bakarrez.

 

Dynamobel Nafarroako enpresa bat da, berrogeita hamar urte baino gehiagokoa. Hirurehun langile inguru ditu, eta sukaldeko eta konpartimentazio-sistemetako altzariak egiten jarduten du —krisiak eragin handia izan du sektore horietan—.

 

Sodena SL Nafarroako Gobernuaren finantza-tresna bat da, eta Foru Komunitateko enpresak garatzea du helburu; horretarako, arrisku-kapitalaren figura erabiltzen du. Nafarroaren garapen orekatu eta iraunkorraren aldeko enpresa-proiektuetan jarduten du, eta parte-hartze handia eta aktiboa du horietan.

 

2,5 milioi Sendavivarentzat

 

Parlamentuko osoko bilkurak onetsi du gaur, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, PSN eta PPNren aldeko botoekin eta Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren abstentzioekin, Sodenak Parque de la Naturaleza de Navarra SArekin (Sendaviva) 2014ko, 2015eko, 2016ko eta 2017ko ekitaldietan formalizatutako mailegu-eragiketak baliozkotu eta horiek formalizatzeko baimena ematen duen foru legea. Lege horrek, gainera, baimena eman du 2018an beste mailegu- eta abal-eragiketa batzuk egiteko (horiek, gehienez ere, 2,5 milioikoak izanen dira).

 

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko 13/2007 Foru Legeak, maiatzaren 16ko 10/2014 Foru Legeak 75. artikuluaren 3. apartatuan eta 82 ter artikuluaren 2. apartatuan emandako idazketaren arabera, xedatzen du Parlamentuaren baimen espresua behar duela edozein pertsona fisikok nahiz juridikok ekitaldi bakoitzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean ezarritako gehieneko arrisku biziaren % 5etik gorako abalak edo maileguak eskuratzeko. Gehieneko arrisku bizia erakunde emailearen arabera ezarriko da, hau da, kontuan izanda Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ala haren mendeko erakundeek igorritako abalak eta emandako maileguak diren.

 

Nafarroako Garapen Sozietateak (Sodena) 2014ko azaroaren 13tik aurrera —orduan jarri zen indarrean araudiaren azken aldaketa— egindako eragiketei erreparatuta, egiaztatu da Sendavivari emandako maileguak edo abalak % 5etik gorakoak direla. Hortaz, Nafarroako Parlamentuaren baimen espresua behar da, eta hura emateko, honako lege hau onetsi da, kasu honetan irakurraldi bakarrez.

 

Parque de la Naturaleza de Navarra SA sozietatearen helburua honako hau da: azokak eta ikuskizunei lotutako beste zerbitzu batzuk planifikatzea, proiektatzea, eraikitzea, birgaitzea, handitzea, mantentzea eta aisia-instalazioak ustiatzea, biltzarrak, parkeak eta azoka-esparruak antolatzea barne.

 

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru lege proiektua (62. NPAO, 2018-05-11koa)