Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Ekainak 23

Parlamentuak babesa ematen dio Nafarroako kultur sektoreari

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2021eko ekainaren 23an

Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak babesa ematen baitio Nafarroako kultur sektoreari. Navarra Sumak, PSNk, Geroa Bai, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak hala dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako erakunde guztiak premiatzen ditu honako hauek lortzera:

 

-Uda osoan protokolo/semaforo egonkor bat egon dadin, toki entitateei jarraibide argiak emanen dizkiena, oinarritzat harturik 2021eko uztailaren 1a baino lehenagoko egoera eta Osasun Publikoaren Institutuak emandako irizpideak, kultur jardueren programazioa eta antolaketa erraztearren. Horren zehaztapenean kulturaren sektoreak parte hartu ahalko du.

 

-Barne Departamentuaren, Nafarroako Gobernuaren eta toki entitateen artean koordinazioa egon dadin, kultur jarduerak segurtasun-baldintzetan egin daitezen bermatzeko.

 

- Nafar profesionalen eta irabazi-asmorik gabeko elkarteen kontrataziorako pizgarriak eman daitezen, herri- eta toki-kulturaren adierazpideen garapena indartzeko, programa propioen bitartez.

 

- Nafar folklorearen mahaia sor dadin, herri-kulturaren alde iraunkortasun-asmoz diharduten elkarte, federazio eta taldeak bilduko dituena.

 

- Gune berriak apailatzea, irekiak, alternatiboak, kultur programaziorako erabilera eskasa izan dutenak. Horretarako, erakundeek burokrazia sinpletzeko salbuespenezko neurriak hartuko dituzte, orobat salbuespenezkoa den egoera batean.

 

- Deskontu-bonuen kanpaina bat taxutu dadin, Nafarroako lurralde osoan kultur kontsumoa pizteko.

 

Nafarroako Gobernuari:

 

- Zuzeneko solaskidetzarako bide bat ezar dezan, toki-administrazioetako uda-programazio kulturalari buruz aholku emateko edo zalantzak argitzeko.

 

- Herri txikietan kultur proposamen askotarikoa eskain dadin.

 

- Katalogo eguneratu bat jar dadin toki-entitateen eskura kulturaren atari digitalaren bitartez, Nafarroako hirugarren sektoreko kultur jardueren kontratazioa errazteko eta pizteko.

 

- COVID-19aren pandemiaren ondorioz jasandako galerengatiko laguntza ekonomikoak kultur sektorearentzat aktibatzeko konpromisoa.

 

2. Halaber erabaki du Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren bitartez toki entitateei gomendatzea honako neurriak har ditzaten:

 

- Udan zehar kultur programazioa areagotzea Nafarroako herrietan.

 

- Herriko festetarako aurrekontua bete dadin, hori bideratuz udan zeharreko kultur arloko programazio eta jardueretara.

 

- Gune publiko, antzoki eta entzunaretoetarako sarbidea erraztea Nafarroako kultur elkarte eta enpresei.

 

3. Adierazpen instituzional honen gaztelaniazko eta euskarazko irakurraldi publikoa eginen da Legebiltzarraren egoitzako atalondoan, 2021eko ekainaren 24an, 09:30ean."