Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Maiatzak 15

Osasun Batzordeak Navarrabiomed izeneko ikerketa biomedikorako zentroaren instalazioak bisitatu ditu Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren esparruan

Ezagutzera eman dira zentroaren arlo estrategikoak, dauden espazio mugak eta IdiSNAren jarduerarekin batera bizi behar dutela

Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordeko ordezkari batzuek Navarrabiomed ikerketa biomedikoko zentroaren egoitza bisitatu dute gaur, UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek eskatuta, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren esparruan. Erakundea, Miguel Servet Fundazioak kudeatua, zentro mistoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin, Nafarroako Gobernuak sustatzen du, eta osasun sistema publikoan bikaintasuneko ikerketa biomedikoa bultzatzeaz eta errazteaz arduratzen da.

 

Parlamentari hauek egon dira bisitan: Leticia San Martín (UPN), Maite Esporrín (PSN), Domingo González (EH Bildu), Isabel Aranburu (Geroa Bai), Daniel López (Contigo-Zurekin) eta Maite Nosti (Vox).

 

Maite Mendioroz zuzendariak eman die ongietorria eta zentroaren jardueraren bilakaera eta balantzea erakutsi dizkie, hasi zenetik, 2012an, egungo egoerara arte. María Bezunartea kudeaketako zuzendariak ere parte hartu du hasierako bilera horretan.

 

Osasun Batzordeak jakin ahal izan du zentroak nola jarduten duen biomedikuntzaren hainbat arlotan, hala nola onkologian, kardiologian, neurozientzietan, digestiboan, geriatrian eta zahartze aktiboan eta gaixotasun infekziosoetan, besteak beste.

 

Azalpenak osatzeko, eraikineko bigarren solairuan dauden laborategietara bisitak egin dira, eta Parlamentuko ordezkariek ikertzaileekin hitz egiteko aukera izan dute.

 

Halaber, Batzordeak Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioak dituen erronkak eta desafioak ezagutzeko aukera izan du, hala nola egungo espazio mugak eta Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuarekiko (IdiSNA) koexistentzia.

 

Ildo horretatik, Maite Mendiorozek etorkizuneko Osasunari buruzko Foru Lege berria aipatu du bikaintasuneko ikerketa biomediko publikoa finkatzeko aukera baita, funtsezkoa delako osasun sistema publikoa eta herritarren osasuna bera hobetzeko.

 

Zentroaren gai estrategikoen artean medikuntza pertsonalizatua, berrikuntza eta genero dimentsioko ikerketa nabarmendu dira. Zehazki, NAGEN Programako proiektuen aurrerapenaren berri eman da. Programa hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren praktika klinikoan genomen analisia ezartzeko ekimen estrategikoa da, baita Zientziari eta Teknologiari lotutako Doitasunezko Medikuntzako Azpiegiturarena ere (IMPaCT), zeina Carlos III Osasun Institutuak (ISCIII) koordinatzen duen maila nazionalean, eta Nafarroan Navarrabiomeden zentralizatzen da.

 

Berrikuntza biosanitarioari dagokionez, zentroak Berrikuntzako Erosketa Publikoko bi prozesu garatzen ditu, O-NOZen garapen teknologiko berritzaileak ahalbidetuko dituztenak. Horietako bat tratamenduen esparruan ikerketa publikoa sustatzera bideratuta dago, hala nola immunoterapiak ezartzera. Bigarrenak premiazko ekografia egin ahal izatea erraztea du helburu.

 

Azkenik, Navarrabiomed-FMSek gure zentroan aztertu ohi diren patologietan generoak eta sexuak duten eragin bereizgarrian oinarritutako ikerketa eremu zeharkako bat jarri du abian.

 

Helburua da hobeto ulertzea generoak eta sexuak biomedikuntzaren hainbat arlotan dituzten ondorio biologikoak eta klinikoak, eta genero femeninoarentzat ikusezin bihurtutako osasun baldintzatzaileak eta gaixotasunak aztertzea. Arlo hori garatzeko, Navarrabiomedek Nafarroako I+G+b-ko Sistemaren ADItech koordinatzailearen laguntza eta aholkularitza du.

 

Batzordeak zentroko instalazioak eta laborategiak bisitatu ditu, eta kideek ikertzaileak agurtu ahal izan dituzte. Horrela, haien jarduera bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute.

 

Zuzendariak Terapia Aurreratuen Areto Zuriko (CellMa) hornikuntza berriaren garrantzia azpimarratu du bisitan. Instalazio oso espezializatua da, zeluletan, geneetan nahiz ehunetan oinarritutako sendagai esterilak gizakientzat egiteko erabiltzen dena. Zerbitzu hori Sendagaien Espainiako Agentziak egiaztatzea aurreikusita dago 2024an, eta O-NOZen terapia berritzaileak garatzeko aukera emanen du.