Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Otsailak 15

Nekazaritzako eta abeltzaintzako sektorearen beharrizanak bilduko dituen talka-plan bat taxutzeko Nafarroako Gobernua premiatzen duen ebazpena onetsi da

PPNren ekimenak partzialki egin du aurrera, baina bertan behera geratu da UPNren proposamena, "NPE eta Europako gainerako araudiak sektorearen benetako egoerara egokitzea" eskatzen zuena

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “sektorearen beharrizanak jasoko dituen talka-plan berri bat presta dezan nekazaritzaren arloko erakundeekin hitz eginez”.

 

Ez du aurrera egin, halaber, bigarren  atalak, zeinaren bidez proposatzen zen Ganberak “babes baldintzagabea adieraztea nekazari eta abeltzainei” eta “sektore primarioak Nafarroako Foru Komunitatean duen izaera estrategikoa blindatzeko lan egingo duela” baieztatzea. PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek aurkako botoa eman dute eta UPNk, PPNk eta Voxek aldekoa.

 

Hirugarren atalak ere ez du aurrera egin, zeinaren bidez Espainiako Gobernuari exijitzen zion “NPEPE erabat alda dezan, sektoreko ordezkariekin eta autonomia-erkidegoekin adostuta”. Contigo-Zurekinek UPNreki, PPNrekin eta Voxekin batera aldeko botoa eman du baina PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik aurka bozkatu dute.

 

PSNk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek ordezteko zuzenketa bat aurkeztu dute, PPN ekimenaren titularrak onartu ez duena. Proposatzen zen Nafarroako Parlamentuak nekazari eta abeltzainen aldeko jarrera azaltzea, eta lehen sektoreak Nafarroako Foru Komunitatean duen izaera estrategikoa blindatzeko lan egitea".

 

Bestalde, Espainiako Gobernuari eskatu nahi zioten “NPEPEa egokitzeko onbidezko elkarrizketa bat egon dadila sektorearen ordezkariekiko eta autonomia-erkidegoekiko negoziazioen eta akordioen barrenean".

 

Zioen azalpenean, PPN talde parlamentariak sustatu duen mozioak bere egiten ditu nekazaritza eta abeltzaintzako sektorearen Plan Estrategiko Nazionalaren inguruko aldarrikapenak, 2021/2027 aldian Europar Batasuneko nekazaritza-politika bateratuko laguntzak kobratzeko arauak aplikatzeko. Horri dagokionez, azpimarratzen du "lehorteak eta beste inguruabar batzuek 2023ko kanpainan eragindako salbuespenak kenduta, ondorioak ezin direla okerragoak izan".

 

Aipatutakoaren ildotik, "errentagarritasunaren galera" azpimarratzen da, "bete ezin diren eta ekoizpen-ahalmena nabarmen murrizten duten" arau batzuk aplikatzearen ondorioz, eta, beraz, nabarmen murrizten dituzte oinarrizko ordainketaren araubide-sistemarekin edo 2014-2020 aldiko ordainketa berdearekin zeuden zenbatekoak.

 

Gaur egun, argudiatzen denaren arabera, Nekazaritza Politika Erkidearen laguntzek nekazaritzako eta abeltzaintzako sektore desberdinen errentan duten pisua, Nafarroan eta herrialde osoan, zenbateko osoaren % 30 eta % 40 artean dago, eta gaur egun sektore horietako asko “bideraezinak dira NPEaren laguntzen diru-sarrerarik gabe”.

 

Esparru horretan, adierazten da Espainiako Gobernuak 2023an NPEren zuzeneko laguntzetatik (3.475 milioi baino gehiago 2023-27 bitartean) banatu dituen 84 milioietatik, "Nafarroari guztizkoaren % 2,42 baino ez dagokiola".

 

 

UPNk “benetan lan egiteko” deia egin du

 

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta UPNren, PPNren eta Voxen aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “benetan lan egin dezan Europar Batasunak eta gure erakundeek neurriak har ditzaten segurtasun edo ingurumen gaietan, besteak beste, eskakizun berberak betetzen ez dituzten Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetako produktuak sartzeari dagokionez, gure sektorearen biziraupena arrisku larrian jartzen baitute”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen zion “ez dezan baimendu dirua galduz saltzea, eta aplika dadin dagoeneko garatuta dagoen Elikadura-katearen Legea modu eraginkorrean eta katearen maila guztietan”.

 

Bestalde, eskatzen zen “NPEaren eta argitaratu diren edo garatzen ari diren Europako gainerako araudiak lehenbailehen malgutzea, sektorearen benetako egoera kontuan hartzeko eta galga bat ez izateko, eta  garapenerako tresna bihur daitezen”.

 

Gainera, exijitzen zen “sektore hau Nafarroako Foru Komunitatean jasaten ari den gehiegizko zama fiskala arintzeko”.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “Nafarroako Ubidearen zabalpena amaitu eta bigarren fasea behingoz has dezan, Nafarroako Gobernuak biak gelditu baititu”.

 

PSNk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek ordezteko zuzenketa bat aurkeztu dute, UPN ekimenaren titularrak onartu ez duena. Proposatzen zen Nafarroako Gobernua premiatzea “lan egin dezan Europar Batasunak eta gure erakundeek neurriak har ditzaten EBtik kanpoko herrialdeetatik datozen eta betekizun berberak –segurtasunaren edo ingurumenaren arlokoak, esaterako–betetzen ez dituzten produktuen sarrerari dagokionez, gure sektorearen biziraupena arrisku larrian jartzen baitute”.

 

Era berean, Nafarroako Gobernuari eskatzen zioten “analisi bat egin dezan sektorearekin batera, sektorerako neurri fiskalak egokitzeko, eta Nafarroako Ubidea bultzatzen jarrai dezan, gure erkidegorako funtsezko azpiegitura den aldetik, bai eta gure erkidegoko ureztalurrak modernizatzeko apustu anbiziotsua ere”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako mozioak NPEren erreforma eskatzeko nekazari eta abeltzainek antolatu dituzten mobilizazioak aipatzen zituen, "sektorearen erakunde tradizionalak alde batera utzita" eta Europako berdinen aldarrikapenekin bat eginez, "karga burokratikoa murrizteari eta elikadura-katearen legea zorrotz betetzeari" dagokionez ere.

 

Ildo horretan, proposamena egin duenak bere gain hartu du protesten azken helburua, eta Bruselaren jarrera gaitzetsi du; izan ere, bere ustez, "berme eta baldintzarik gabe hirugarren herrialdeetatik inportatzea lehenesten du, Europar Batasunetik kanpoko produktuekin lehia desleiala eraginez".