Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Ekaina 28

Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzko ekainaren 20ko 8/2006 Foru Legearen aldaketa

Osoko Bilkuran onetsia. 2018ko ekainaren 28an

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzko ekainaren 20ko 8/2006 Foru Legearen aldaketa onetsi du gaur. Geroa Bai, EH Bildu, PSN, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aldeko botoa eman dute eta UPN eta PPN abstenitu egin dira.

 

Gobernuak aurkeztutako foru lege hori irakurraldi bakarrean izapidetu da, eta xedetzat du “segurtasun publikoaren sistema berrantolatzea, arrazionaltasunean eta errealismoan oinarritutako irizpideekin, haren diseinua herritarren behar eta eskaeretara ekarriz”.

 

Hala, bada, “eginkizun berberak dituzten organoak bikoiztu edo ugaltzeak operatibitatea kendu eta afuntzional bilaka dezakete sistema”, eta hori saihesteko, azkendu egiten dira Herritarren Segurtasunerako toki kontseiluak, inoiz bildu ez direnak, eta 21/2011 Foru Dekretuak sortutako Segurtasun Publikoaren Behatokia.

 

Azkendutako organo horiek izan dituzten eginkizun nagusiak Herritarren Segurtasunerako Kontseiluak hartuko ditu bere gain, beste ente batzuen esku daudenak izan ezik.

 

Lege-aldaketaren helburua da, azken batean, bete nahi dituzten beharretarako “egokiak eta proportziozkoak” diren kide anitzeko organoak baliatu ahal izatea, kontuan izanik, betiere, segurtasunarekin lotutako “politika publikoetan parte hartzeko eta horiek aztertzeko bide finkoak” direla.

 

Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzko ekainaren 20ko 8/2006 Foru Legeak taxutzen du Nafarroako segurtasun publikoaren sistema, administrazio publiko desberdinen parte-hartzeaz osatua, eta koordinazio tresnak diseinatzen ditu, herritarren segurtasunaren arloan nahi ditugun emaitzak lortzeko.