Noiz argitaratua Astelehena, 2021.eko Urriak 25

Nafarroako Parlamentuaren 2022ko ekitaldirako aurrekontu proiektua onetsi da

14.937.878 eurokoa da, eta horrekin 2021eko aurrekontu bateratuaren gastu-maila % 0,2 jaisten da

Eledunen Batzarrak Nafarroako Parlamentuaren 2022rako aurrekontu proiektua onetsi du. Aurrekontu proiektua 14.937.878 eurokoa da, eta horrekin 2021eko aurrekontu bateratuaren kopuru orokorraren gastu-maila % 0,2 jaisten da. Navarra Sumak, PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek alde bozkatu dute eta EH Bildu abstenitu da.

 

Eragiketa arrunten baturak % 2,4 egiten du gora, 14.138.067 eurora arte; kapital-eragiketek, bestetik, % 30,8 egiten dute behera, 799.810 eurora arte. Transferentzia arruntak % 2,8 igo dira, eta 14.135.197 eurokoak dira; kapital-transferentziek, bestalde, % 4,9 egiten dute behera, eta 776.205  eurokoak dira.

 

I. kapituluak, “Langileen gastuak” izenekoak, 8.296.912 euro dauzka, eta gastuen aurrekontu osoaren % 55,6 egiten du, aurreko ekitaldian kontsignatutakoa baino % 2,5 gehiago, BPGaren deflaktoreak 2022rako aurreikusi duena barne.

 

II. kapituluan, “Gastu arruntak” izenekoan, gastuaren % 3,6ko igoera jasotzen da aurreko ekitaldiko behin betiko aurrekontuarekin alderatuta; kapituluaren guztizko gastua 2.454.425 eurokoa da, eta guztizkoaren % 16,5 egiten du.

 

IV. kapituluak, “Transferentzia arruntak” izenekoak, 3.239.433 euroko guztizko gastua aurreikusten du 2022rako, gastuen aurrekontu osoaren % 21,6. Kopuru horren % 90 talde parlamentarioentzako diru-laguntzetara bideratzen da, 2012 urtetik bere horretan daudenak, eta % 2ko igoeraren aurreikuspena aplikatzen zaie, eta horren eraginkortasuna urtarrilean erabakiko da.

 

Kapitulu honek, halaber, unibertsitateekiko hitzarmenak biltzen ditu, bai eta Sahararen aldeko talde parlamentarioen arteko taldearen diru-laguntza eta herritarren legegintza-ekimenei dagokiena ere. Baita beste partida bat ere, Legebiltzarrak izan ditzakeen epai edo auzien ondoriozko kalte-ordain posibleei erantzuteko.

 

Gainera, partida bat mantendu da egin litezkeen hitzarmen berrietarako, eta garapen edo elkartasun jardueretarako diru-laguntzei dagokionari jarraipena ematen zaio, kasu honetan kredituen igoera arin batekin (% 0,4tik % 0,5era), 2030 Agendako GJHei lotutako konpromiso politiko eta ekonomikoa aplikatuz.

 

Azkenik, VI. kapituluak, “Inbertsioak” izenekoak, 739.010 euro dauzka. Zenbateko hori guztizko gastuaren % 5 da, eta horrek % 32ko jaitsiera dakar aurreko ekitaldiko aurrekontu kontsolidatuarekiko. VIII. kapituluak, “Aktibo finantzarioak” izenekoak, 57.795 euroko gastua mantentzen du.

 

Nafarroako Parlamentuaren 2022rako proiektu estrategiko gisa, Administrazio elektronikoa ezartzeko eta dokumentu elektronikoak kudeatzeko proiektuaren amaierari dagozkion inbertsioak sartzen dira, batez ere artxibo elektronikoaren zatiari dagokionez, bai eta Osoko Bilkuren Aretoan eta Batzordeen aretoan itzulpen-kabinen intsonorizazioa ere. Horrez gain, klimatizazio-sistema hobetzea, erreprografia-ekipoak berritzea eta eraikinaren irisgarritasun-arloko hainbat jarduera aurreikusten dira.

 

- Eledunen Batzarrak Nafarroako Arartekoaren Bulegoaren 2021erako aurrekontu proiektua onetsi zuen urriaren 4an. Aurrekontuen zenbatekoa 873.800 eurokoa da (+ % 2,8).

 

- Urriaren 4an, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak adierazi zuten Kontuen Ganberaren 2022rako aurrekontu proiektuaren berri izan zutela. Aurrekontu proiektu hori 3.245.800 eurokoa da, aurreko urtearekin alderatuz % 14,08 igo da.

 

Nafarroako Parlamentuaren 2022ko ekitaldirako aurrekontu proiektua berehala igorriko zaio Nafarroako Gobernuari, ezarritako prozedura betez.