Noiz argitaratua Asteazkena, 2018.eko Martxoak 14

Nafarroako Parlamentuak lazo marroi handi bat jarri du egoitzako aurrealdean Pentsio-Sistema Publikoaren defentsan

Espainiako Gobernuari pentsiodunen eskaerei konponbideak bilatzeko egin beharreko zuzemenak egin ditzan exigitzen dion adierazpenarekin bat eginez

Pasa den martxoaren 5ean Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak onetsitako adierazpen instituzionala bete asmoz, Ganberako egoitzaren aurrealdean lazo marroi bat jarri da “Estatuko Gobernuak egindako pentsio-igoera lotsagarriaren eta pentsio-sistema publikoa desegitera bideratutako bere politiken errefusaren sinbolo gisa”.

 

Adierazpen instituzionala, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentua konprometitzen da egin beharreko zuzemenak egitera Espainiako Gobernuaren aitzinean, sentsibilitatea eta konponbideak exigitzeko pentsiodunen bidezko eskariak direla eta, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztu zuten eta UPN eta PSNren babesa jaso zuten, PPN berriz abstenitu egin zen.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

1. “Nafarroako Parlamentua konprometitzen da egin beharreko zuzemenak egitera Espainiako Gobernuaren aitzinean, sentsibilitatea eta konponbideak exigitzeko pentsiodunen bidezko eskariak direla-eta, horien erosahalmena manten dezan eta azken bost urteotan galdutakoa errekupera dezaten, bai eta beste horrenbeste PENTSIO-SISTEMA PUBLIKOAREN ALDEKO NAFARROAKO KOORDINAKUNDEAREN gainerako eskariak ere (honekin batera, manifestua).

 

2. Nafarroako Parlamentuak, aurtengo martxo osoan zehar, pentsio-sistema publikoaren eta pentsio duinen alde deituta dauden mobilizazioen karietara, lazo marroi handi bat jarriko du Parlamentuaren fatxadan, Estatuko Gobernuak egindako pentsio-igoera lotsagarriaren eta pentsio-sistema publikoa desegitera bideratutako bere politiken errefusaren sinbolo gisa”.