Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Irailak 20

Nafarroako Parlamentuak bere errekonozimendua adierazten die soldadutzaren aitzineko kontzientzia-eragozle eta intsumiso guztiei

Nafarroako historian atxikimendu handieneko protesta baketsua izan zela oroitarazi dute, baita ezarritako zigorrak Estatuko gogorrenak izan zirela ere

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aldeko botoekin, PSNren abstentzioarekin eta UPN eta PPNren aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak “bere errekonozimendua adierazten die nahitaezko soldadutzaren aitzineko kontzientzia-eragozleei eta intsumisoei, zigorrak —espetxea eta desgaitzea— pairatu baitzituzten beraien konpromisoagatik eta borroka baketsuagatik, desobedientzia zibila erabiliz gizarte baketsu eta desmilitarizatua lortze aldera”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren puntuan “premiatu egiten ditu eragozleen eta intsumisoen jazarpena aldeztu eta burutu zuten erakunde publiko militar, politiko eta judizialak, beraien historiaren eta jarduketen berrikuspen kritikoa egin dezaten”.

 

Era berean, hirugarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen zaio “Memoria Institutuaren bidez ikertu eta zabaldu dezan Nafarroan intsumiso mugimenduak bakearen kulturari egindako ekarpena, baita gure Erkidegoan kartzela zigorrak eta desgaitasuna pairatu zutenei errekonozimendua aitortzeko beharrezkoak diren ekintzak egin burutu ditzan

 

Gainera, Nafarroako Gobernua premiatzen da “ezagutzera eman ditzan, egoki diren bideak erabilita intsumisioaren jokabidea eta Nafarroako gazteriak antimilitarismoaren eta nahitahezko soldadutzaren desagerpenaren alde gauzatutako jardun eredugarria”.

 

Azkenik, Nafarroako Parlamentuak “Nafarroako erakundeen osotasunari dei egiten dio jarduketak diseinatu eta abiaraztera, eragozle eta intsumisoen aitorpena eta erreparazioa lortze aldera”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak arrazoi etikoak azaltzen ditu “neurriak har daitezen eskatzeko, Nafarroan milaka gaztek pairatu zituzten ondorio bidegabeak balioan jarri, haiek aitortu eta konpontzeko”. Nafarroako gazteriak “diskriminazio esanguratsua pairatu zuen, 600 espetxeratu eta egunka desgaiturekin”.

 

Testuinguru horretan, Nafarroako gazteriaren izaera eredugarria azpimarratzen da eta aipatzen da Estatuko erkidego bakarra izan zela zeinetan ia intsumiso guztiek epaiketa izan eta epaia jaso zuten, eta hori dela eta “Nafarroako historian atxikimendu handieneko protesta baketsuan” parte hartu zuen kolektiboaren jarrera nabarmentzeko deia luzatzen da.

 

Datorren otsailaren 20an 30 urte beteko dira “bilatu eta atxilotzea erabaki zitzaien 57 kontzientzia-eragozle agintari militarren aurrean aurkeztu zirenetik, haietako hamar Iruñean, soldadutza egitearen ukoa eta kontzientzia-eragozpenarekiko beren intsumisioa berrestearren”, eta honen aurrean, sustatzaileak “bakearen kulturarekiko, desobedientzia zibilaren jokabidearekiko eta indarkeriarik ezarekiko konpromisotik” lan egin zuen kolektiboaren jarrera nabarmentzeko deia luzatzen du.

 

 

  •