Noiz argitaratua Astelehena, 2024.eko Apirilak 8

Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Ijitoen Herriaren Egunarekin eta Nafarroako Ijitoen Erkidegoaren Egunarekin

Ganberak urdinez eta berdez argiztatuko du gaur gauean bere fatxada, eta kulturen arteko bizikidetza eta ijito-komunitatearen parte-hartze aktiboa indartzeko politiken alde egiten du

Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Ijitoen Herriaren Egunarekin eta Nafarroako Ijitoen Erkidegoaren Egunarekin. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

1. Nafarroako Parlamentuaren ustez, Nafarroako ijitoen erkidegoa lehentasun gisa aintzat hartu behar da agenda politikoan, Europako erakundeen eta Ijitoen Berdintasun, Inklusio eta Parte-hartzerako 2021-2030 Estrategia Nazionalaren gomendioei jarraituz, lehentasunezko helburu harturik osasunaren, hezkuntzaren, enpleguaren eta etxebizitzaren arloetako desberdinkeriak murriztea eta gazte eta emakume ijitoengan arreta berezia jarriz eta ijitoen elkarteen mugimendua balioan jarriz.

 

2. Nafarroako Parlamentuaren ustez, behar adina baliabidez hornitu behar dira ijitoenganako planak eta estrategiak, beharrezkoa den eta nahikoa den intentsitatearekin eta denbora-aldetiko jarraitutasunarekin ezarri ahal izan daitezen; halaber, plan eta estrategia horiek ijitoen erkidegoaren parte-hartze aktiboa erraztu behar dute.

 

3. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du ijitoen entitateekin batera kulturarteko bizikidetza garatzeko politikak sustatzeko, elkarren ezagutzatik eta aitortzatik abiatuta eta ijitoen parte-hartzea eta protagonismoa aintzat hartuta. Ijitoen kulturaren eta historiaren berariazko ezaugarriak aintzat hartuko dituzten politikak eta ijitoen aurkako egoerak eta arrazakeria eta diskriminazio modu oro salatzen dituztenak.

 

4. Nafarroako Parlamentuak herritar guztiei dei egiten die Ijitoen Kulturaren Hilabetearekin lotuta antolatzen diren ekitaldi guztietan parte hartzera.

Archivos adjuntos

Archivo adjuntoDeclaración Institucional