Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Urriak 15

Nafarroako Parlamentuak 2007an sinatutako Pobreziaren aurkako Nafarroako Ituna berrikusteko konpromisoa hartu du

Gizarte Erakundeen Plataformak oroitarazi du Nafarroan 83.000 pertsonak gizarte bazterketaren eta pobreziaren arriskua dutela eta eredu ekonomikoaren aldaketa bat eskatu du, merkataritza justuan eta politika sozial eraginkorretan oinarrituta

Urriaren 17an Pobrezia Ezabatzeko Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta, Gizarte Erakundeen Plataformak Pobreziaren aurkako Nafarroako Ituna berrikusi eta eguneratzeko eskatu dio Parlamentuari, hartara, 2030 Agendan jasotako garapen jasangarriko helburuei begira, justizia fiskalean eta inklusiorako zein babeserako gizarte politika publikoen sustapenean oinarritutako eredu ekonomikorako aldaketa bultzatzeko.

 

Legebiltzarreko egoitzan eskainitako prentsaurrekoan, Plataformako ordezkariek adierazi dute 2016ko datuen arabera, “mila milioi pertsona inguru pobrezia gorrian bizi direla, 13 milioitik gora Espainiako Estatuan. Nafarroan 83.000 pertsonak dute gizarte bazterketaren eta pobreziaren arriskua, eta horietatik 57.000 pobrezia-mailaren azpitik daude, urteko 8.208,5 euroan ezarritako mailaren azpitik”.

 

Testuinguru horretan, desgaitasuna duten pertsonen egoeraz ohartarazi dute. Kolektibo hori ere, “enplegagarritasun maila apalen eta laguntza faltaren ondorioz, eta zerbitzu eta ondasunen koste altua jasaten duenez gero, gizartetik baztertzeko arriskuan dago”.

 

Mundu mailan, “desparekotasuna nabarmen hazi da, gero eta muturrekoagoa da, sakonagoa eta kronikoa, eta pobrezia orokortua dela eta, egungo sistema aldatzea ezinbestekoa da”. Hori dela eta, azpimarratzen da egungo ereduak aberastasuna areagotzen duela %1 suposatzen duen biztanleriaren aberatsenengan, gainontzeko %99ak duenaren baliokidea baitute.

 

Gizarte Erakundeen Plataforma pozik agertu da talde guztien arteko akordioa lortu delako erakunde-adierazpena adosteko garaian, zeina “desgaitasunaren, lankidetzaren, gizarteratzearen eta elkartasunezko ekonomiaren alorretako ibilbide-orria” izatea espero baitute, eta “Nafarroako hurrengo Aurrekontu Orokorretan egoki islatzea”.

 

Gizarte Erakundeen Plataformak, amaitzeko, gizarte osoari deia egin dio asteazkenerako (Udal Plazan, 19:00) antolatutako aldarrikapen jardunaldian parte hartzeko, Desparekotasun gordinen kontra mugitu leloaren pean. Ordezkari hauek agertu dira prentsaurrean Plataformaren izenean: Edurne Redín, Carmen Burgui, Maria Luz Sanz, Mariaje Huici, Gara Gonzalez eta Javier Liras. Parlamentuak, lona bat zintzilikatuko du egoitzaren kanpoaldean.

 

Gizarte Erakundeen Plataformak 160 erakunde biltzen ditu, eta sare hauek osatzen dute: Nafarroako ONGD koordinatzailea, REAS Ekonomia Alternatibo eta Solidarioen Sarea, Nafarroan Pobrezia eta Gizarte Bazterketaren Aurkako Sarea eta CERMIN, Nafarroan Desgaitasuna duten Pertsonen Erakunde Ordezkarien Batzordea.

 

Ainhoa Aznarez Igarza Parlamentuko Lehendakariaz gain, bertaratu diren parlamentariak izan dira Maribel García Malo (UPN), Virginia Aleman, Isabel Aranburu (Geroa Bai), Tere Sáez, Mikel Buil, Laura Pérez, Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai) eta Nuria Medina (PSN).

 

Eledunen Batzarrak aho batez onetsi duen adierazpen instituzionalak hala dio:

 

- Nafarroako Parlamentuak Pobreziaren aurkako Nafarroako Ituna, 2007. urtean sinatutakoa, berrikusi eta eguneratzeko konpromisoa azaltzen du, honako hauek jaso ditzan:

 

-Agindu etiko, sozial, politiko eta ekonomiko bat, pobrezia Estatu barruan nahiz Estatutik kanpo desagerrarazteko helburua lortzeko eta gizarte-kohesioa lortzeko.

 

-Espainiako Estatuak 2030eko Agendarekin eta agenda hori Garapen Jasangarriko Helburuen bidez garatzearekin bat egitea adostasun politiko eta sozialeko osagai sendo bat da, herrialde txirotuenganako elkartasun aktiboko politika bat mantentzeari dagokionez herritarrek daukaten borondate orokorretik ondorioztatzen den legez; halatan, beharrezkoa da nazioarteko erkidegoak ahalegin etengabea egitea, eta Nafarroak ahalegin horretan lagundu beharra dauka, agenda hori mundu guztiak bete beharrekoa delako.

 

-Ekonomia solidarioa –zeinak bidezko merkataritza, kontsumo arduratsua, enpresa solidarioak eta finantza solidarioak jasotzen baititu– Garapen Jasangarriko Helburuak betetzeari begira beharrezkoa den eredu baten gisa planteatzea, eta bazterkeriaren nahiz pobreziaren zergatien aurkako borrokan parte hartzen du, garapen iraunkor bat sustatuz eta gaurko nahiz etorkizuneko belaunaldien beharrizanak jasoz.

 

-Bultzada handiagoa eman beharrae pobrezia eta gizarte-bazterkeria desagerrarazteko politika publikoei, Nafarroan gizarte-kohesioa handiagoa bilatzea helburu, politika eraginkorrak sustatuz eta behar adina baliabide jarriz.

 

-Ahalegin solidario hau garatzen duen esparru instituzional eta politikoa hainbat legegintzalditan egindako lanaren fruitu eta herritarren ondare komuna da, akordio politikoaren eta herritarren mobilizazioaren fruitu. Hori dela-eta, iraganean hartutako konpromisoak gaurkotu beharra dago konpromiso horiek egiaz bete daitezen eta errealitate politiko eta sozial berrien argitara areagotu daitezen. Borondate hori Pobrezia Desagerraraztearen eta Gizarte-kohesioaren aldeko Tokiko Ituna gaurkotuz gauzatu behar da; izan ere, lankidetzarako politika eta gizarte-politikak ezin dira interes partidisten mende jarri.