Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Abenduak 2

Nafarroako Musika Banden Federakuntzak kontzertua eskaini du Parlamentuan, 2021eko Nafarroaren Eguna ospatzeko ekitaldiei amaiera emanez

Unai Hualdek musikak eta kulturak “gure komunitatearen historia ezagutzeko eta aitortzeko” duten garrantzia defendatu du

Nafarroako Parlamentuak jarraipena eman dio gaur arratsaldean 2021eko Nafarroaren Egunaren karietara antolatutako programari Nafarroako Musika Banden Federakuntzak eskainitako kontzertuarekin. Ehun bat lagun bildu dira Ganberaren egoitzaren atarian, hautetsien eta gizarte zibileko hainbat erakunde, elkarte eta kolektibotako ordezkarien artean.

 

Nafarroako ereserkiaren interpretazioaren ondoren, Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak eskerrak eman dizkio Federazioari kontzertua egiteko proposamenagatik, izan ere, “banda-musikak ibilbide luzea du gure erkidegoan eta, horregatik, zentzu handia du gure erakundeak, Nafarroako Gorteek, Nafarroako herritarren ordezkari gisa, Nafarroaren Eguna Nafarroako Banden Federazioaren Banda Sinfonikoaren kontzertu batekin ospatzeak”.

 

Zentzu horretan, pandemiak kulturan eragin duen kaltea azpimarratu ondoren, presidenteak Parlamentuak musika historiarekin uztartzeko egin duen apustua defendatu du, “atzo 1521 kontzertuarekin eta gaur Banda Sinfonikoarekin, salbuespen bat egin dugu gure kultura babesteko, gure historia ezagutu eta aitortzeko eta, jakina, konpositore nafarren musika onaz gozatzeko”.

 

Kontzertuari bide eman aurretik, Hualdek gogoratu du bihar, abenduak 3, Nafarroaren Egunaz gain Euskararen Eguna eta Desgaitasunaren Eguna ospatuko direla. “Atalondo honetan hori guztia dago”, gaineratu du, joan den astean inauguratutako Atena Fundazioaren erakusketa aipatuz, alde batetik, eta bestetik azpimarratuz euskara, “gure lurraren eta gure kulturaren berezko aberastasuna, beti dagoela presente Legebiltzar honetan”.

 

Ondoren, lehendakariak Foruen Monumentuaren erreplika bat eman dio Jesús Soria Federakuntzako koordinatzaileari. 

 

Jesús Soriak eta Federakuntzako kide Arkaitz Martínezek, gazteleraz eta euskaraz, eskerrak eman dizkiote Nafarroako Parlamentuari, “nafar guztien ordezkarien ganbera den aldetik, Nafarroako Foru Erkidegoan kultur jarduerak garatzeko Federazioari ematen ari zaion laguntzagatik”.

 

Ondoren, Vanessa Garde konpositoreak 1521ean Noaingo guduaren V. mendeurrena ospatzeko egindako konposizioa aurkeztu du eta jarraian, David Sánchez Andiónen zuzendaritzapean, musikariek honako errepertorioa interpretatu dute: Vanessa Garderen Estampas históricas, Carlos Etxeberría Alonsoren Olazagutiako xuxururlak, Vicent Ejearen Poema sanférmico eta Fernando Remacharen Larrain dantza.  

 

Nafarroako Musika Banden Federakuntza 2002an eratu zen Irabazi Asmorik Gabeko Elkarte gisa, Nafarroan banda-musika lantzeko eta sustatzeko helburarekin. Sortu zenetik, NMBFk aholkularitza eman die bazkidetutako taldeei, eta, gainera, prestakuntza-ikastaroak eta kontzertu-zikloak antolatu ditu. Gaur egun, Nafarroa osoan 55 talde daude, adin guztietako 3.000 musikari baino gehiagorekin.

 

Nafarroaren Eguna

 

Ostiral honetan, Nafarroaren Egunean, abenduak 3, Nafarroako armarria ageri den oihala jarriko da Parlamentuaren egoitzako fatxadan, eta iluntzean fatxada hori gorriz argiztatuko da.