Noiz argitaratua Osteguna, 2014.eko Maiatzak 22

Nafarroako Gobernua sei hilabeteko epean garapen ekonomiko-industrialerako plan bat presta dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Enplegu egonkor, seguru eta kalitatezkoa sortzeko neurriak eskatzen dira, bai eta enpresa-ehuna ezartzeko pizgarriak eman daitezen ere, bereziki krisiak gehien eragin dituen eskualdeetan

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNK, SNk eta PPNk haren alde eman dituzten botoekin, Aralar-Nabaik eta I-Ek haren aurka eman dituzten botoekin eta Bildu-ren eta atxiki gabekoen abstentzioekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “sei hilabeteko epean taxutu eta Parlamentura igor dezan Nafarroako Ekonomia- eta Insutria-plana”.

Zehazten denez, Plan horrek “enplegu egonkor, seguru eta kalitatezkoa sortzeko neurriak jasoko ditu. Halaber, enpresa-ehuna ezartzeko pizgarriak emanen ditu bereziki enpresen deslokalizazio eta desagertze handiena pairatu duten eskualdeetan”.

“Orobat ezarriko ditu enpresa-inbertsiorako eta ikerkuntza, garapena eta berrikuntza –I+G+B– garatzeko pizgarriak, jarduketa-esparru berriak identifikatuko ditu eta dagoen enpresa-ehunaren modernizazioa, produktibitatea eta egonkortasuna sustatuko ditu”.

Zioen azalpenean, PPNk bultzatu duen ebazpenak Parlamentuak Nafarroako Gobernuari 2012ko Komunitateari buruzko Eztabaidaren eta Langabeziari buruzko osoko bilkuraren harira eskatu zizkion bi plan industrialak oroitzen ditu. Hala, “Nafarroako eremuetan garatutako jarduera ekonomikoen bilakaerari buruzko azterketa” aipatzen du eta baieztatzen du, Estatistikako Institutu Nazionalak 2013an egin zuen azterketan atera zituen ondorioetan adierazten den moduan, “jarduera eta enplegu nitxo berriak” bilatu beharra dagoela.

Ildo horretan, 2011 eta 2013 artean 6.673 enpresa desagertzeak eta haien bataz besteko tamainak jasan duen murrizketa nabarmenak izan eta izango dituen ondorioen gainean ohartarazten du. Gainera, enplegatutako biztanleak murriztuko direla aurreikusten da, izan ere, 2008 eta 2013 urteko azken hiruhilabetekoetan 36.200 enplegu galdu dira, horietatik 15.800 industriaren sektorean. Eta, azkenik, enpresa-inbertsiorako eta I+G+Brako ematen zituen zuzeneko laguntzak murriztu direla aipatzen du.

Horregatik guztiagatik, proposatu duen taldeak dio “beharrezkoa dela Nafarroak ekonomia- eta industria-plan berri bat izan dezan, hurrengo hamarkadetako produkzio-garapenaren oinarriak ezarriko dituena”.

www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 49. zk., 2014-04-04koa)