Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Maiatzak 13

Nafarroako Gobernua premiatzen da saltoki txikiak eta tokiko merkataritza babesteko plan urgente bat gara dezan

20.000 pertsonari enplegua ematen dion eta oso feminizatua dagoen sektore hau jasaten ari den egiturazko krisia areagotu egin delako

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “saltoki txikiak eta tokiko merkataritza babesteko plan urgente bat gara dezan berehala”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean, PSN eta Geroa Bairen abstentzioekin, Foru Exekutiboari eskatzen dio “kontsumo-bonuen kanpaina bat egin dezan, behar adinako zuzkidura ekonomikoarekin, gure erkidego osoko saltoki txikietan trukatu ahal izateko”.

 

Bestalde, Gobernua premiatzen da “gertuko merkataritza digitalizatzeko egiazko plan bat egin dezan, online salmenta nahiz etxez etxekoa ahalbidetzeko”. Atal honek Geroa Bairen abstentzioarekin egin du aurrera.

 

Horrez gain, Exekutiboari eskatzen zaio “komunikazio-kanpaina orokorrak eta pedagogia-ekintzak egin ditzan hezkuntzaren alorrean, gertuko merkataritzaren balioak nabarmentzeko eta kontsumo-ohiturak eta -ereduak errotik aldatzen laguntzeko”. Aho batez onetsi da atal hau.

 

Azkenik, eta hau ere aho batez, Foru Gobernua premiatzen da “albait lasterren gara ditzan saltoki txikiek merkataritzagune handien aldean aukera berdintasuna izatea bermatuko duten tresna zehatzak”.

 

Ez du aurrera egin azken atal batek, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena “ez dezan merkataritzagune handi edo ertainik susta, eta neurri berriak aktiba ditzan Nafarroako herri eta hirietan hutsik dauden lokalak betetzeko”. Navarra Sumak aurka bozkatu du eta PSN eta Geroa Bai abstenitu egin dira, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek, berriz, alde bozkatu dute.

 

Baztertu egin da, bestalde, beste atal bat, Gobernuari eskatzen ziona “azter dezan ea mugatzerik dagoen altuerako merkataritzaren ezarpena eta merkataritza bertikalaren garapena”. PSN abstenitu egin da, Navarra Sumak aurka bozkatu du eta gainerakoek alde.

 

Geroa Baik ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, EH Bildu ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta eskatzen zuen “sektorearentzako zuzeneko laguntzen kanpaina bat abiaraztea, beste sektore batzuekin jadanik lehenago ezarritakoen antzekoa, 68 milioi euroko funtsen eskuratzea aprobetxatuz”. Gainera, Gobernua premiatzen zuen “garapen berrien antolamenduan erabilera mistoen aldeko apustua egin zezan, huts-hutsik komertzialak izan daitezen ekidinez”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Nafarroako Merkatari Elkarteak burututako diagnostikoa du hizpide, sektore hau jasaten ari den “krisi estrukturalaren areagotzea” salatzeko. Izan ere, ohartarazten da sektore “feminizatu honek 20.000 pertsona baino gehiagori ematen diola enplegua, eta datozen 9 hilabeteotan 2.500 lanpostu baino gehiago gal daitezkeela, eta 4.000, berriz, datozen 5 urteotan”.

 

Aipatzen denez, Nafarroako merkatarien % 72,10ek gutxitu dituzte beren salmentak aurreko urtearekin alderatuta, eta jaitsiera hori % 89,36rainokoa izan da azpisektoreren batean (arropa, zapatak, osagaiak, bitxiak, imitaziozko bitxiak, optikak). Hori dela eta, gertuko merkataritzaren aldeko apustua egin dadila eskatzen da, “egituratzailea baita, kohesio-emailea eta ingurumenaren aldetik jasangarria”.

 

Kontsumo-ohitura gero eta ohikoagoen atzean dauden beste negozio-mota batzuen aldean (online plataforma handiak, merkataritzagune handiak...) “aukera berdintasuna” bermatzeko, Nafarroako Gobernuaren inplikazioa eskatzen da, baita maila pedagogikoan ere, merkatari txikien jarraikortasuna bermatzeko.