Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Martxoak 4

Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroako energia-politika modu integralean arau dezan

Ganberak lankidetza eta interakzio publiko-pribatua defendatzen ditu, eta ustiapen-lizentzia publikoa duten berriztagarrien parkeak kontrolatzeko erregimen argia eskatzen du

Parlamentuaren Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen etaPodemos-Ahal Duguren aldeko botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta I-Eren aurkako botoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Nafarroako energia-politikaren lege-araubide integrala ezar dezan, taxutuz jardute jasangarrirako eremu orokor bat, kontsumoaren plangintza, eta egungo nahiz etorkizuneko proiektuetarako ibilbide-orria eta bideragarritasunerako Bidea”.

 

Era berean, Foru Exekutiboari eskatzen zaio “lankidetza publiko-pribatuari bultzada ematen segi dezan, klusterrak eta guneak eratuz eta sendotuz, haietan erakunde publikoek, enpresek, unibertsitateek eta zeresana daukaten gizarte zibileko gainerako kolektiboek elkarreraginean jardun dezaten”.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernua gonbidatzen da “berma dezan kontrol publikoko araubide argi baten pean egon daitezela ustiapen-lizentzia publiko bidezko emakida bidez baimenduak izanik energia berriztagarrietan oinarrituta dauden parkeak, orekari euts dakion lurraldearen, ingurumenaren, paisaiaren, gizartearen eta ekonomiaren alorretan”. Atal hau aho batez onetsi da.

 

Ez du aurrera egin beste atal batek, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena “behar diren elkarrizketak eranstera Hitzarmen Ekonomikoaren negoziazioetan, Nafarroak ahalik eta eskumen gehienak eduki ditzan energia-politikaren arloko araugintzan eta zergapetzean”. Navarra Sumak, PSNk eta I-Ek aurka bozkatu dute, Podemos-Ahal Duguk abstentzioa eta Geroa Baik eta EH Bilduk alde.

 

Baztertu egin da beste atal bat, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena “Nafarroako Energia Agentzia sor dezan, eginkizun izanen duena osotasunean arautzea araugintza, zergapetzea, antolaketa, energia-lizentzien emakida, jardueren kudeaketa, ebaluazioa, kontrola eta abar”. Geroa Baik bakarrik eman du aldeko botoa, Navarra Sumak, PSNk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkako botoa eman dute eta EH Bildu abstenitu egin da.

 

PSNk ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du baztertu diren bi puntuak aldatzeko, baina Geroa Baik ez du zuzenketa onartu. Nafarroako Gobernua premiatzen zuen “2030erako Nafarroako Energia Plana gara dezan, Energia Plan Nazionalarekin eta Europar Batasunaren jarraibideekin koordinatuta. Plan horren xedea izanen da jatorri berriztagarriko energiaren hornigaia lortzea 2050erako eta hala energia-sistemaren deskarbonizazioaren helburu orokorra erdiesten laguntzea”.

 

Halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen zuen “aurrera egin dezan energia biltegiratzeko sistemen hobekuntzan eta efizientzian eta berma dezan Nafarroak sare elektrikoko azpiegitura nahikoak izatea, soberakinen esportazioa ahalbidetzeko, bai eta inportazioa ere, behar izanez gero”.

 

Azkenik, baztertutako zuzenketak, Nafarroako Gobernuari eskatzen zion “Nafarroako Energia Agentzia sor dezan, Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoan (CPEN) integraturiko enpresa publiko gisa, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Energia Estrategiaren esparruan zehazturiko jarduketa eta proiektuak sustatu, koordinatu, garatu eta horien gaineko aholkua emateko”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Nafarroa "energiaren eremuan lurralde subirano" bihurtzearen alde egiten du, "berriztagarriak oinarri eta efizentzia energetikoa, zirkulartasuna eta jasangarritasuna printzipio gaindiezin” gisa hartuta, "gure jardueren ahalik eta deskarbonizazio handienean oinarritutako eredu sozioekonomiko, produktibo eta kontsumoko berri" baten ezarpena errazteko.

 

Ildo horretan, eta "ingurumena eta biodibertsitatea errespetatuz", aipatzen da beharrezkoa dela lehentasuna ematea hiri-lurretan eta urbanizagarri direnetan energia berriztagarriaren iturriak instalatzeari, jadanik badauden parkeak indarberritzeari, autokontsumoari eta hurbileko kontsumoari. Hau guztia Nafarroako erakundeen babesarekin, “ezinbesteko eginkizuna bete behar baitute gizartea sentsibilizatze aldera gure jarduera guztien deskarbonizazioaren garrantziaz, eta beren gain hartu behar dute gure jardueren deskarbonizaziorantz eraman gaitzaketen udal-, elkarte-, enpresa- edo gizarte-alorretako ekimenei bultzada ematea”.

 

Europar Batasuneko estatu kideen helburu bera du Nafarroak, hau da, “2030ean iturri berriztagarrietatik lorturiko energiarena izatea guztizko energia-kontsumoaren % 50, eta 2050ean, % 100. Nafarroak gaur egun horrelako iturrietatik lortzen duen portzentajea % 22koa da, eta horrek ideia bat ematen digu etorkizunari begira daukagun erronkaz”.

 

Arlo sozioekonomikoan, ekoizpenarenean eta kontsumoarenean eredu aldaketa egiteko, “energiaren alorrean autogobernu-maila gorena izatea da giltzarria, Nafarroak behar adinako baliabide natural eta erakundeen, enpresen eta ikerketaren alorretako jakintza dauzka prozesu honen aitzindari izateko, eta lortzeko gure erkidegoak etorkizun hurbilean energia-alorreko subiranotasuna izan dezan. Ezin dugu askietsi Espainiako Gobernuaren politiken jarraikeria egitea, hark urte gehiegi baitaramatza gogotsuago ordaindurik isunak ezen ez europar agintarien gomendioak jarraiturik, eta 2019ko apirilera arte autokontsumoa are legez zigortu egiten zuen”.