Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Martxoak 16

Nafarroako Gobernua premiatzen da NA 6900 errepidean esku har dezan Fiteroko sarbidea handitu eta hobetzeko

Ezbehar-kopuruari eta kontserbazioari buruzko datuen arabera, komeni da atzerapenik gabe jardutea, industrialdera doazen kamioien zirkulazioari eta bainuetxera doazen turisten fluxuari segurtasuna emateko

Lurralde Kohesio batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez (Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak ez dute bilkuran parte hartu), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “N-113 eta Fitero arteko zatian N-6900 errepidea aldatzeko proiektua urgentziaz diseinatu eta gauzatu dezan, bideko segurtasuna hobetzeko”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “proiektuan Alhama ibaiaren gaineko zubiaren hobetzea sar dezan”.

 

Ebazpenak hirugarren atal bat zuen, baztertu egin dena PSNren, Geroa Bairen eta EH Bilduren aurkako botoekin, eta Nafarroako Gobernua premiatzen zuen “2021ean zehar proiektua gauzatzen hasteko behar den zuzkidura ekonomikoa jaso dezan”.

 

Navarra Sumak, ekimenaren titularrak, ez du PSNk aurkeztutako ordezteko in voce zuzenketa bat onartu, zeinak proposatzen zuen proiektuaren aldaketa taxutu eta gauzatzea, eguneratzeko helburuarekin.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak “Fiteroko sarbidea handitu eta hobetzeko premiaz” ohartarazten du, izan ere, industrialdea bertan baitago eta kamioi ugari dabil errepide horretatik, eta horrez gain, Foru Komunitateko hotel-konplexurik handiena bertan dago, urtero milaka bisitari hartzen dituena, eta hori dela eta errepide hori “geroz eta arriskutsuagoa da”.

 

Datuek eta ezbehar-tasak argi uzten dute “Nafarroako Gobernuak premiazko inbertsioa egin behar duela” Fiteron Alhama ibaiaren gaineko zubiaren eta bidearen “segurtasuna bermatzeko”, baita industrialdea biziberritzeko eta bainuetxerako irisgarritasuna errazteko, eta honekin, Nafarroako geografian funtsezkoa den herria laguntzeko”.

 

Gauzak horrela, eta Departamentuak "kontserbazio arrunteko" lanetatik haratago jardutea pentsatu ez duen arren, proposamena egin duenak gogora ekarri ditu "alderdi politikoen konpromisoak eta, ildo horretan, duela urte asko Fiterotik egindako erreklamazioak".

 

Virginia Magdaleno (PSN) buru izan duen saioan egon diren parlamentariak izan dira Javier García, Elena Llorente, Patxi Pérez, Alberto Bonilla, José Suárez, Iñaki Iriarte (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Ramón Alzórriz (PSN), Pablo Azcona, Mikel Asiáin (Geroa Bai), Maiorga Ramírez eta Bakartxo Ruiz (EH Bildu).