Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Martxoak 21

Nafarroako Gobernua premiatzen da Hitzarmen Ekonomikoaren Batzorde Koordinatzailearen deialdia hitzar dezan Estatuarekin

Europako egonkortasun-arauen arabera 2024, 2025 eta 2026rako Nafarroari dagokion defizit-doikuntza adosteko

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur UPNren, EH Bilduren, Geroa Bairen, PPNren eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta PSNren eta Voxen aurkakoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Hitzarmen Ekonomikoaren Batzorde Koordinatzailearen deialdia presaz hitzar dezan Estatuarekin, 2024, 2025 eta 2026rako Nafarroari dagokion defizit-doikuntza adosteko”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Estatuko Gobernua premiatzen du “Hitzarmen Ekonomikoaren Batzorde Koordinatzailean plantea dezan defizitaren doikuntza ekitatibo bat Nafarroarentzat”. UPN eta PPN abstenitu egin dira atal honetan eta PSN eta Voxek aurkako botoa eman dute.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Zerga Politikarako Kontseiluaren azken bileran helarazitako proposamenak aipatzen ditu, defizit publikoa murrizteko eta egonkortasun programa eguneratzeko Estatuak (Europako Batzordearen aurrean) hartutako konpromisoarekin bat etorriz, autonomia-erkidegoei eta toki-erakundeei ezarritako exijentziatik eratorritako tratu-desberdintasunarekiko desadostasuna adierazteko.

 

Horri dagokionez, Ogasunak autonomia-erkidegoei (2024rako % 0,1eko defizit-helburua planteatzen da, %0 2025ean eta 2026an) eta toki-erakundeei egindako proposamena kontrajartzen da, izan ere, toki-erakundeak zuzenean bideratzen dira aurrekontu-orekara ( % 0) ekitaldi honetatik bertatik, administrazio publiko guztiei marjina zabala ematen zaien bitartean: % 3koa 2024an, % 2,7koa 2025ean eta % 2,5ekoa 2026an.

 

Horri dagokionez, eta Europar Batasunaren eskakizunekin bat etorriz, Foru Exekutiboa premiatzen da Nafarroaren eta Estatuaren arteko Hitzarmen Ekonomikoaren esparruan Foru Komunitatearen defizita doitzea hitzartzera, zerga eta finantza harremanak harmonizatzeko ezarritako sistema delako.