Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Otsailak 18

Nafarroako Gobernua premiatzen da Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak ekartzen dituen aldaketak burutu ditzan

Eskola publikoa hezkuntza-sistemaren bizkarrezura izan dadila eskatzen du Legebiltzarrak, eskolatze inklusiboa, ikastetxearen gertutasuna eta ikasleen banaketa orekatua lehenesteko

Parlamentuaren Osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren, eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “eskolatze-araudia halako moldez alda dezan non eskolatze-prozesuetan eta eskola-antolamendukoetan lehenetsi eginen baita ikastetxea ikasleen bizitokitik hurbil egotea”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “irakaskuntza publikoaren garapena bultza dezan, halako moduan non onartu eginen baititu bizitoki den herri edo auzoko ikastetxe publikoan eskolatzeko eskari guztiak, eta familiek hautatutako hizkuntza-ereduan; hartara, ikastetxe publikoetan gehitu beharreko eskola-unitate guztiak gehituko ditu, eskaeraren ehuneko ehun asetzeko”.

 

Horrez gain, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “araudi-esparrua gara dezan, beharrezkoa eta behar adinakoa dena erlijioaren eta horren alternatiben irakaskuntzaren gehieneko eskola-orduen kopurua izan dadin minimotzat ezartzen dena, aginduzko gisa, haur, lehen eta bigarren hezkuntzari eta batxilergoari buruzko estatu-mailako oinarrizko araudian”.

 

Azkenik, Foru Exkeutiboa premiatzen da “erretira ditzan sexuagatik ikasleak bereizi/banantzeari eusten dioten ikastetxe itunduekiko hezkuntza-kontzertuak”.

 

Ebazpenak beste atal bat zuen, baztertu egin dena Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta Geroa Bairen, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin, eta Gobernua premiatzen zuen “alda dezan Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 11ko 12/2009 Foru Agindua, zeinak ezartzen baititu “ikastetxe publikoen eta pribatu itunduen eragin eremuak, Ikasleak onartzeko arauak ematen dituen apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezartzen direnak”, halako moldez non zonak ezarriko baitira Iruñerriko udalerri bakoitzerako (Barañain, Noain, Zizur, Eguesibar, Atarrabia, Burlata, Beriain...), Iruña gutxienez 4 eragin-eremutan banatuko baita, eta Tutera 2tan”.

 

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak sustatutako ebazpenak bizikidetzazko eta berdintasunezko legegintzaldi berritzaile eta aurrerakoirako 2019-2023 programa-akordioa aipatzen du, Nafarroako Gobernua babesten duten lau indarrek hartutako konpromisoen arabera, indarrean dagoen 3/2020 Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak ekartzen dituen aldaketak praktikara eraman daitezen eskatzeko.

 

Aldaketen artean honakoak daude: hezkuntza-itunak ezartzeko baldintzei dagokienez, esaterako, ituntzeko aukeratik kanpo uzten ditu ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten hezkuntza-enpresak. Erlijio-irakaskuntzari buruz ere arau berriak dakartza; halatan, ez da ebaluagarria izanen. Horretaz gain, berritasunak ezartzen ditu ikasleen eskolatzerako lehentasunezko irizpideez: diskriminaziorik eza, inklusioa, sozializazioa. Banaketa orekatua, eta ikastetxea ikasleen bizitokitik hurbil egotea.

 

Horregatik guztiagatik, eta PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek sinatutako akordioarekin bat eginez, “eskola publikoa hezkuntza-sistemaren bizkarrezur gisa” lehenets dadin eskatzen da, bai eta “indartzea onarturiko konpromisoak betetzen direla zainduko duen hezkuntza itunduaren kontrolerako unitatea”, hartutako konpromisoak betetzen dituztela ziurtatzeko.