Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Otsailak 15

Nafarroako Gobernua premiatzen da Belateko eta Almandozko tuneletan egitekoak diren obrek eragindako kalteak gutxitu ditzan

Koordinazio batzorde bat sor dezaten eskatzen da, toki entitateak, garraiolarien elkarteak eta zerbitzuen sektoreko arduradunak bilduko dituena

Parlamentuko Osoko Bilkurak aho batez onartu du gaur ebazpen bat, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “ahal diren neurri guztiak ezar ditzan Belateko eta Almandozko tuneletan egitekoak diren obrek ukitzen dituzten bizilagun eta erabiltzaileei eraginen zaien kaltea gutxitzeko”.

 

Onartutako ebazpenak bigarren puntuan Gobernua premiatzen du “batzorde bat sor dezan, toki entitateak, garraiolarien elkarteak eta zerbitzuen sektoreko arduradunak bilduko dituena, egin behar diren jarduketak koordinatzeko”.

 

PPNk gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu du, UPN ekimenaren titularrak onartu ez duena, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen zuen “Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Diputazioarekin bitartekari lana egiteko, hala, Belate eta Almandozko obrek dirauten bitartean, Gipuzkoan N-1 errepidean bidesaririk kobratu ez ziezaien obra hauek saihesteko A-15 errepidetik desbideratzen ziren kamioilariei, desbideratze hau baita Nafarroako Gobernuak gomendatzen duena”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak ohartarazten du, Europak 2019ko maiatzean eskatuko dituen segurtasun neurriak ezartzeko helburuarekin 7 hilabetetan zehar luzatuko diren egokitze obren harira, ezinbestekoa dela ahal diren neurri guztiak hartzea Nafarroako errepide sareko bide erabilienean segurtasuna bermatzeko, izan ere, kamioien trafikoarekin batera izaten baitira Nafarroako eskualde horretako bizilagunen ohiko joan-etorriak.