Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Apirilak 15

Nafarroako Gobernua premiatzen da Audenasari lotutako erabakien kaltegarritasun aitorpena egin dezan, ondoren haiek administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurkaratzeko

Ganberak zalantzan jartzen du 2020ko martxotik urrira bitartean AP-15ean trafikoa murrizteagatik emakidadunari eman beharreko konpentsazioa kalkulatzeko erabilitako formularen interpretazioa

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, EH Bilduren eta I-Eren aldeko botoekin eta PSNren, Geroa Bairen eta Podemos-Ahal Duguren aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Audenasari buruzko 2021eko otsailaren 24ko gobernu-erabakien kaltegarritasun aitorpena egin dezan, ondoren haiek administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurkaratzeko”.

 

Zehazten denez, erabaki horien bidez “Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren eta Kontu-hartzailetza Nagusiaren artean sortutako desadostasuna” ebazten zen, “Audenasak Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 31ko 41E/2020 Foru Aginduaren aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoa baieste aldera Ekonomia eta Ogasun Departamentuak proposatutakoaren bidean. Agindu horrek 2020ko azaroko likidazioari dagokion faktura ordaintzeko agindu zuen, Nafarroako Gobernuak AP-15rako zeukan deskontu-politika zela eta”.

 

Bestetik, onesten zen “Víctor Torres Ruiz jaunak, zuzendari nagusi gisa eta Audenasaren ordezkari gisa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 31ko 41E/2020 Foru Aginduaren aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoa. Agindu horrek 2020ko azaroko likidazioari dagokion faktura ordaintzeko agindu zuen, Nafarroako Gobernuak AP-15rako zeukan deskontu-politika zela eta. Fakturaren zenbatekoa 6.284.728,28 eurokoa zen. Errekurritutako foru-aginduan finkatutako zenbatekoa dagoeneko ordaindu zaionez Audenasari, gainerako zenbatekoa ordaindu behar da, hau da, 5.077.559,88 euro”.

 

PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk ordezteko zuzenketa bat aurkeztu dute, EH Bilduk, ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta Nafarroako Gobernua premiatu nahi zuen “hiru hilabeteko epean berrikus dezan konpentsazio-formula, A-15 autopistako bidesarietan deskontuak aplikatzeagatiko konpentsazio ekonomikoari buruz Nafarroako Gobernuak eta AUDENASAk sinaturiko hitzarmenetan jasoa, eta egoki diren aldaketak proposa ditzan, 2021. urterako eta hurrengoetarako A-15eko trafikoaren beherakada aurreikustearen kasurako, halaber kontuan harturik aplikatutako deskontuen portaera”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak bere egiten du Kontu-hartze eta Kontabilitateko zuzendari nagusiak, bere ustez Audenasak 2020ko azaroko likidazioan fakturatu zuena (martxotik urrira bitarteko erregularizazioa barne) baino 5.077.559,88 euro gehiago ez onartzeko agertu duen desadostasun juridiko eta teknikoa.

 

AP-15eko (Tutera-Irurtzun) ohiko erabiltzaileei aplikatzen zaizkien hobariengatik Audenasari (Gobernuak eta Itinere enpresak erdibana parte hartzen duten emakidadunari) emandako konpentsazioa kalkulatzeko erabilitako formularen interpretazioan datza desadostasuna.

 

Proposamena egin duenak uste du ez dagoela justifikatuta Gobernuaren iritzi-aldaketa, hasiera batean Kontu-hartzailetza Nagusiaren irizpidea onartu baitzuen (1.207.168,40 euro ordaindu zituen), baina gero ontzat eman zuen Audenasak jarritako helegitea, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Idazkaritza Nagusi Teknikoak eta Audenasako Gobernuaren ordezkariak egindako txostenetan oinarrituta, kontu-hartzaile nagusiaren eragozpenen aurrean.

 

Hala, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren azalpenen aurrean, zeinak “formularen aplikazio zorrotza” exigitzen duen, salatu egiten da "trafikoa gutxitzen den kasuetan konpentsazioak kalkulatzeko itundutako arauaren C koefizientearen edukiaren aldaketa, 2014tik aurrera 1 balioa hartu behar baitzuen, eta ez 1,65 balioa".

 

Ildo horretan, gogorarazten da “trafikoak behera egin izan duen beste ekitaldi batzuetan, esaterako 2009 eta 2012 artean, C koefizientea 1,60koa izan dela, ez 1ekoa, 2009ko ekainaren 1etik 2014ko maiatzaren 31rako zehaztutakoa hori baitzen”.

 

Horregatik guztiagatik, ondorioztatzen da Nafarroako Gobernuaren jarduketek eragin dutela Nafarroako Ogasunak 5.077.559,88 euroko gainordainketa bat egin behar izatea.

 

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (43. NPAO, 2021-04-13koa)