Noiz argitaratua Asteazkena, 2018.eko Apirilak 18

Nafarroako Gobernua premiatzen da arantza bifidoa, hidrozefalia eta horiekin loturiko patologiak sar ditzan gaixotasun kronikoen protokoloan

Diziplina anitzeko unitate bat sortzeko azterlan bat sustatzea proposatzen da, Mendekotasunaren Legearen aldaketa eta material ortopedikoaren prezioak berrikustea

Osasun Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “arantza bifidoa, hidrozefalia eta horiekin loturiko patologiak sar ditzan gaixotasun kronikoen protokoloan”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren puntu batean Foru Exekutiboa premiatzen du “beharrak zehazteko ikerketa bat susta dezan, diziplina anitzeko unitate bat sortzea baloratuz”.

 

Era berean, gonbitea egiten zaio Nafarroako Gobernuari “Mendekotasunaren Legea eta/edo haren balorazio-taulak alda ditzan”.

 

Laugarren puntuan Foru Exekutiboa premiatzen da “ANFHESekin batera, erakundeek laguntza handiagoa eskain dezaten kanpainen koordinaziorako”.

 

Bestalde, eskatzen da “beharrezko neurriak har ditzan Osasunbidearen bitartez elkartearen zabalkundea egite aldera”.

 

Halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen da “Foru Komunitatetik kanpoko erreferentziazko zentroetan lekualdaketengatik eta egonaldiengatik ordaindutako sariak berrikus ditzaten”.

 

Gainera, eskatzen da “protesien, aulki gurpildunen, ortesien, protesi berezien eta gainerako material ortopedikoaren prezio-taulak berrikus daitezen”.

 

Azkenik, PSNk gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu du eta UPNk, ekimenaren sustatzaileak onartu du, eta honen bidez Nafarroako Gobernua premiatzen da "haurdunaldia planifikatzen ari diren emakumeentzako osasun heziketa bultzatzen duten informazio kanpainak egin ditzan, arrisku faktoreen aurrean gaixotasun hauek ekiditea ahalbidetzeko".

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak aipatzen ditu arantza bifidoa duten pertsonek dituzten arazoak, bai sistema genitourinarioan, lokomozio aparatuan eta nerbio-sistema zentralean, eta gainera, bizkarrezur-muineko lesio bat izaten dute.

 

Arantza bifidoa dutenetatik % 80k hidrozefalia ere izaten dute, eta horrentzako tratamendua arantza bifidoarentzako erabiltzen den bera da.

 

Consuelo Satrustegi (Geroa Bai) lehendakari izan duen saiora bertaratu dira Begoña Ganuza, Mónica Domenech, Maribel García Malo, Sergio Sayas (UPN), Isabel Aranburu, Rafael Eraso (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Asun Fernandez de Garaialde (EH Bildu), Carlos Couso, Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu), Nuria Medina, Conchi Ruiz (PSN), Ana Beltrán (PPN) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra).