Noiz argitaratua Osteguna, 2013.eko Maiatzak 9

Nafarroako Gobernua 16/2012 Errege Dekretua ezarri zenetik jaso ez diren errezeten gaineko datuak lortzera premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Helburua zenbait medikamentu desfinantzatzeak eta koordainketa sartzeak pobreenak, bereziki pentsiodunak, kaltetzen dituela frogatzea da

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat aho batez onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “beharreko azterlanak edo inkestak egin ditzan, halako moldez non hilabeteko epean jakinen baita zenbat errezeta gelditu diren erretiratu gabe apirilaren 20ko 16/2012 Errege Dekretua ezarri zenetik, bai eta errezetak erretiratzeari utzitako erabiltzaileen portzentajea ere, errenta txikieneko pertsonen eta pentsiodunen portzentaje zehatza ere zehaztuta”.

Onetsitako ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Parlamentuak “arbuiatu” egiten baituen “Nafarroako Foru Komunitatean farmazia-prestazioak osatzeari buruz Nafarroako Parlamentuak 2012ko urriaren 11n onetsitako urriaren 19ko 18/2012 Foru Legea dela-eta, ez baitu ez indarrean jarri, ez aplikatu ere, eta Nafarroako Gobernua premiatzen du eskueran dituen baliabide guztiekin defenda dezan Parlamentu honek onetsitako legea”. Idatz-zati horrek UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoak jaso ditu, hortaz, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek emandako babesa ez da nahikoa izan.

Zioen azalpenean, Bildu eta Aralar-Nabai parlamentu-taldeek bultzatutako ebazpenak nabarmentzen duenez, farmazia-prestazioak osatzeari buruzko 18/2012 Foru Legea “ez aplikatzeagatik”, zeinaren kontra Estatuak urte honetako otsailean (onetsi eta lau hilabete beranduago) konstituziokontrakotasuneko errekurtsoa jarri baitzuen, Nafarroan indarrean dago 16/2012 Errege Dekretuan ezarritako koordainketa.

Proposatu duten taldeek diotenez, ia urtebete igaro den une honetan, hainbat medikamenturen desfinantzearekin eta koordainketaren sarrerarekin “ea gastua egiaz murriztu den, ala pentsiodunen poltsikora iragan den” argitzeko garaia da.

Horren karietara, ohartarazten dute Osasun Publikoaren aldeko Elkarteak Madrileko osasun etxeetan egindako inkesta batek oso emaitza “kezkagarriak” eman dituela, besteak beste, “pentsiodunen % 16,8k ez dituela bere errezetak erretiratzen”.

Joera hori baieztatzekotan, Errege Dekretuaren “disuasio-efektua” agerian geratuko litzateke, zeinaren helburu nagusia “dirua biltzea” baiten, “pobreenen kaltetan”.

www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 27. zk., 2013-03-11koa)