Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Otsailak 15

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena Nafarroa osoan euskarazko zerbitzuen eskaerari buruzko adierazleen sistema abian jar zezan

UPNk "hizkuntza-eremu eta eskualde ezberdinetan euskarak izan duen bilakaera xehetasunez ezagutzeko" aurkeztu duen ekimenaren aurka egin du gehiengoak, egungo eredua defendatuz

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin, PSN eta Voxen abstentzioekin eta UPNren eta PPNren aldeko botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen, “bereziki, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentua eta Euskarabidea, Nafarroan administrazioaren, kulturaren, osasungintzaren, hezkuntzaren, aisiaren eta gisakoen euskarazko zerbitzuei dagokienez dagoen eskaerari buruzko adierazleen sistema abian jar zezan”.

 

Sistema horrek, adierazten zenez, “Nafarroa osorako, Nafarroako hizkuntza-eremuetarako eta eskualdeetarako datu globalak eskaini beharko zituen”.

 

Baztertu den mozioak Foru Exekutiboari eskatzen zion “Euskararen Kontseiluari eta Nafarroako Parlamentuan ordezkatuta dauden indarrei kontsulta egin ziezaien euren ustez interes publikokoak izan daitezkeen adierazleak jasotzeari buruz”.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernuko departamentu eskuduna premiatzen zuen “euskarazko zerbitzuen eskaerari buruzko adierazle horien mikrodatu estatistikoak, bai eta datu horiek ponderatzeko baliatzen diren irizpideak ere, publikoak izan daitezen, bai Euskarabidearen atarian, bai Nastat-en atarian”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatu duen mozioak Euskararen Adierazleen Sistema osatzeko  eta eguneratzeko beharra defendatzen zuen, "oso erabilgarria" baita "hizkuntza politika publikoak taxutzeko, hizkuntzaren egoera eta bilakaera ezagututa". Horretarako, udalerri-mailan datu berriak biltzeko sistema bat ezartzeko beharra azpimarratzen zen, “euskal hiztunen komunitateari eskaintzen zaizkion baliabideak, zerbitzuak eta dirulaguntzak aztertzeko”.

 

Ildo horretan, "hizkuntza-eremu eta eskualde" desberdinetan informazio-bilketa "zintzo, zorrotz eta gardena" egitea proposatzen zen, "jarrera esentzialistak gainditzeko eta, horrela, sentsibilitate guztien artean abiapuntu komun bat aurkitzeko". Zehazki, “gure errealitate soziolinguistikoa ikusita jakiteko zer giza baliabide eta baliabide ekonomiko diren beharrezkoak”.