Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Martxoak 15

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga alda zezan

Segurtasun juridikoa medio, era desegokian ordaindutakoaren erreklamazioa egiterako orduan zergadunak ez kaltetzeko arau berri bat eskatzen zen

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak mozio bat atzera bota du, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen zen “ahalik eta azkarren igor ziezaion Parlamentu honi beste lege-testu bat, Lurren Balio-gehikuntzaren Gaineko Zerga aldatzen zuena, halako moduan non herritarrei orain ez daukaten segurtasun juridikoa emanen baitzitzaien eta aipatu zerga dela-eta egin behar ez ziren ordainketak egitera behartuta egon diren zergadunen mesedetan eginen baitzen, zuzenbidearen araberakoa ez izateagatik”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak aurkeztutako mozioak abendu amaieran onetsitako arau aldaketa aipatzen zuen, lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergaren kudeaketa eta ezarpenaren ingurukoa, esanez aldaketa honek “zergadunei kalte egin diela, Administrazioak bidegabeki kobratutakoa berreskuratu nahi izanez gero epaitegietara jo behar baitute”.

 

Sustatzailearen ustez, “indarrean sartu zenetik hiru hilabete pasa diren honetan, legearen oinarrizko alderdiak zalantzan jarri dira”, izan ere, “epaileek konstituzio-kontrakotasuneko arazoa aurkeztu ondoren, geldiarazi egin dira ukitutako herritarrej ilegalki kobratu zaizkien zenbatekoak berreskuratzen saiatze aldera abiarazitako prozedura guztiak”.

 

Gauzak honela, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiko ateratako epaia, zeinek dion “oraintsu onetsitako legeak ezarritako baldintzetan zerga kobratzea ilegala dela”, “segurtasun juridiko falta” arazoak aipatzen dira zergadunen eskubideen aldeko arau erregulazio berri bat izapidetu dadin eskatzeko.