Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Otsailak 14

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena hitzarmen bat sina zezan delituak prebenitzeko urratsak koordinatzeko

UPNk delinkuentziaren hazkundeaz ohartarazten zuen eta jazarpenean eta ikerketan eraginkortasuna hobetzeko eskatzen zuen, koordinazio egoki baten bidez

Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Batzordeak mozio bat baztertu du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta UPNren, PPNren eta Voxen aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “susta dezan hitzarmen bat sinatzea Gobernuaren Ordezkaritzaren, tokiko polizia duten udalen eta Nafarroako Gobernuaren beraren artean, zeinaren bidez koordinatuko baitira delituak prebenitzeko eta, horiek jadanik egin direnean, horiek jazarri eta ikertzeko urratsak, ikerketa judizialaren arloan beterik Polizia Judiziala Koordinatzeko Batzorde Nazionalak ezartzen duena”.

 

Baztertutako mozioak proposatzen zuen “Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Batzordea adieraztea mozioaren jarraipena egiteko Batzorde gisa”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatu duen mozioak ohartarazten zuen delinkuentziak gora egin duela, kriminalitate tasaren batez bestekoa puntu 1 gaindituta, "1.000 biztanleko 51,9 delituren kopuru kezkagarriarekin eta sexu askatasunaren aurkako delituen edo hilketa saiakeren hazkunde handiarekin".

 

Zentzu horretan, eta errealitate horren aurrean “hainbat esparrutatik jardutea eta delituen jazarpen eta ikerketaren eraginkortasuna koordinazio egokiaren bidez” hobetzea garrantzitsua dela adierazi ostean, proposamena egin duenak Segurtasun Publikoari buruzko 8/2006 Foru Legera jotzen du, bere helburuen artean baititu, besteak beste, herritarren eskubideak eta askatasunak ziurtatzeko prebentzio- eta babes-politika publiko eraginkorrak ezarri eta gara daitezen sustatzea; administrazioen, agintarien eta segurtasun publikoarekin zerikusia duten zerbitzuen arteko lankidetzan eta koordinazioan sakontzea; eta bermatzea herritarrek duten eskubidea, segurtasun-zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoan modu homogeneoan emanak izatekoa.

 

Amaitzeko, adierazten zen Nafarroako Gobernuaren eskumena dela “Foru Komunitateko herritarren babes eta segurtasunerako politika gauzatzeko ardura, eta berari dagozkiola, ildo horretan, Foruzaingoaren goi zuzendaritza, tokiko polizien koordinazioa eta foru lege honetan eta indarra duen gainerako ordenamenduan esleitzen zaizkion beste eginkizunak”.

 

Maite Esporrín (PSN) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Marta Álvarez, Ana Elizalde, Javier Trigo, Ángel Ansa (UPN), Arantza Biurrun, Ibai Crespo (PSN), Adolfo Araiz, Arantxa Izurdiaga (EH Bildu), Blanca Regúlez, Itxaso Soto (Geroa Bai), Javier García (PPN), Miguel Garrido (Contigo-Zurekin) eta Emilio Jiménez (Vox).

 

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (12. NPAO, 2024-01-30ekoa)