Noiz argitaratua Ostirala, 2017.eko Martxoak 24

Memoria Historikoari buruzko Legearen esparruan ordain moralerako 64 agiri emateko ekitaldia

AFFNAren eta gainerako kolektiboen lan nekaezina nabarmendu du Aznárezek, eta 2016an hasitako aro berriko araugintzako aurrerapenak haien ahaleginari zor zaizkiola aitortu du

Nafarroako Parlamentuan Ordain eta Aitorpen Pertsonalaren Adierazpena emateko ekitaldia egin da gaur arratsaldean, orain arte egin den laugarrena, 2011ko abenduaren 15ekoaren (orduan 69 agiri eman ziren), 2014ko martxoaren 21ekoaren (30) eta 2015eko maiatzaren 29koaren (60) ondoren; oraingo honetan Nafarroako Fusilatuen eta Desagertuen Familien Elkarteko (AFFNA) 64 kideri eman zaie agiria, guztiak Gerra Zibilean eta diktaduran indarkeria eta jazarpena jasan zituzten herritarren ondorengoak.

 

Ainhoa Aznárez Igarzak eman dio hasiera Memoria Historikoari buruzko Legearen babesean egindako ospakizunari. Bere hitzaldian “erakundeen lidergoa” nabarmendu du, “behinola sakabanatua edo deuseza izan zena, baina orain aitortza, omenaldia eta ordaina eraman dituena foru lurraldeko bazter guztietara. Aho batez emandako babes horrek 2016. urte hau irismen luzeko urte bilakatu du justiziaren arloan, demokrazia ukatzen tematu zirenen biktima haiekin guztiekin zintzo jokatzeko garaia”.

 

Testuinguru horretan, lehendakariak familien adorea eta duintasuna goraipatu ditu. “Lehendabizi isilik, gero administrazioen axolagabetasunari aurre eginez, baina inoiz ere etsi gabe, hainbat hamarkadatan etengabeko ukoa jasoagatik ere, beren senideak aurkitu eta identifikatzeko ahaleginari eutsi diote. Hemendik esker ona agertu eta gorazarre egin nahi diegu gizarte honek zor dien ordaina jasotzeko hainbeste ahalegindu diren familia eta elkarteei”.

 

Horri dagokionez, “bide ertz, hobi eta erriberetan desagertutako pertsonen kopuruari dagokionez Kanbodiarekin batera herri honek daukan errekor tristea” deitoratu ondoren, Ainhoa Aznárezek 33/2013 Legea aipatu du, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoa. Horren aurreko estatu-arauaren (Memoria Historikoari buruzko 52/2007 Legea) ahultasuna gogoratu ondoren, berriro goretsi du AFFNAren eta gainerako kolektiboen lana: “2016an hasitako aro berriko araugintzako aurrerapenak haien ahaleginari zor zaizkio”.

 

Jokin de Carlos, AFFNAko lehendakaria, pozik agertu da azken agiri-banaketa honek ordain moralari dagokionez duen esanahiagatik –260 agiri baino gehiago eman dira 2011tik­–, eta, ildo horretan, honako hau azpimarratu du: “Guretzat familiak dira garrantzitsuenak, eta gorpuak hobietatik ateratzea. Hondakinen bila jarraitu behar dugu, guk beti esaten dugun bezala gerrako fronterik izan ez zuen lurralde honetan eraildako 3.452 nafarren duintasuna berreskuratu arte etsiko ez duten seme-alaba, biloba eta ahaide horiei guztiei atseden emateko. Berriro ere, mila esker Nafarroako Parlamentuari bere babesagatik”.

 

Jarraian, familien ordezkari batzuk, Javier Maiza Iturbide, Esther Ganuza Alecha, Emilia Salvatierra San Miguel, Asun Larreta Ayesa, Concesa Bescós eta Joaquín Roa Ortigosa, oholtzara igo eta “erokeria hura ez ahazteko” alegatu baten bidez beren senideei buruz mintzatu dira.

 

Ordezkariok beren testigantza eman ondoren, Ainhoa Aznárez Igarza Parlamentuko lehendakariak, Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak, Javier Eneriz arartekoak eta Jokin de Carlos AFNAko lehendakariak agiriak banatu dizkiete Gerra Zibilean eta ondoren izan zen diktaduran errepresaliatuak izandako 64 pertsonen senideei.

 

Ospakizunari amaiera emateko, Mikel Irurek aurreskua dantzatu du, Tafallako Sancho el Mayor abesbatzak jota bat interpretatu du eta lore eskaintza egin da 2015eko urtarrilaren 12tik Parlamentuan “1936ko matxinada militarraren ondorioz eraildako Nafarroako hautetsi guztien omenez” ezarrita dagoen plakaren ondoan. Plaka hori 2013ko azaroaren 14an onetsitako Errekonozimendua eta Ordain Morala Emateko Foru Legearen aginduz jarri zen, eta 2016ko apirilean atarira aldatu zen.

 

Tafallako Sancho el Mayor abesbatzak eta Zelaida Biurrun biolin-jotzaileak interpretatuko doinuak ere entzun dira.

 

Ekitaldian honako hauek izan dira, besteak beste: Unai Hualde, Parlamentuko lehendakariorde lehena; Maiorga Ramírez, lehen idazkaria; Óscar Arizcuren, bigarren idazkaria; Ana Ollo, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilaria; Álvaro Baraibar, Bake, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen zuzendari; Javier Eneriz, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa; Jone Belarra, Diputatua; Idoia Villanueva eta Iñaki Bernal, Senatariak; Valentín Velasco, Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako idazkari nagusia; Luis Casado (UPN parlamentu-taldea), Patxi Leuza, Isabel Aranburu (Geroa Bai parlamentu-taldea), Miren Aranoa, Dabid Anaut (EH Bildu parlamentu-taldea), Fanny Carrillo, (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea), María Chivite, Inma Jurío (PSN parlamentu-taldea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea).

 

Ordain moralerako agiri horiek abenduaren 26ko 52/2007 Legearen 4. artikuluko 1. zenbakian xedatzen denari jarraikiz egin da, “zeinaren bidez Gerra Zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria pairatu zutenen eskubideak onartzen eta zabaltzen diren, eta haien aldeko neurriak ezartzen diren”.

 

Memoria Historikoari buruzko Legearen artikulu horren arabera, “Gerra Zibilean eta diktaduran aurreko artikuluetan aipatutako ebazpenen ondorioak pairatu zituztenek birgaitze eta errekonozimendu pertsonaleko Aitorpena lortzeko eskubidea dutela onartzen da. Eskubide hori guztiz bateragarria da aurreko arauetan kaltea ordaintzeko onartutako gainerako eskubide eta neurriekin, baita auzitegian aurrera eraman litezkeen ekintzak gauzatzearekin ere”.

 

Honako hauek dira omendutako pertsonak:

 

Vicente Ajona Urbiola, Balbino Alcaide Bayona, Jesús Alecha Alegría, Joaquín Alecha Alegría, Florencio Alfaro Zabalegui, Luis Álvarez Díaz, Andrés Álvarez Morrás, Francisco Álvarez Morrás, Inocente Álvarez Morrás, Luis Ansó Mon, Jacinto Ansó Peñalba, Juan Arellano Fernández, Martín Artola Morrás, José Blasco Alberdi, Jesús Cepero Barbería, Francisco Chasco Baztán, Cipriano Daroca Lizarraga, Ignacio Echegoyen Cemboráin, Jesús Echeverría Oteiza, Luciano Eguía Olaechea, Eladio Elvira Asurmendi, Máximo Eraso Ganuza, Teófilo Erce Osaba, Luis Gregorio Esparza Portillo, Vitorio Francisco Esparza Portillo, Justo M. Fierro Latorre, Esteban Garde Gabari, Germán Mario Garjón Aróstegui, Moisés Garjón Aróstegui, José Gil Goicoechea, Miguel Gómez Estela, Jesús González Jusué, Rufino González Jusué, Francisco Javier Iturbide Amézqueta, Fernando Jaurrieta Lacalle, Emeterio Jaurrieta Terés, Miguel Labat Velasco, Marcelino Laguardia Allo, Toribio Lainez Gil, Eulalio Larreta Garde, José Víctor Larreta Garde, Julián Aurelio Larreta Garde, Rafael Larreta Garde, Teresa Larreta Garde, Patrocinio Lasa Vitoria, Adrián Luquin Eraso, Manuel Martínez Estrada, Nicolás Antonio Martínez Estrada, Isidro Mencos Rosain, Dionisio Méndez Esparza, Fortunato Morrás Gil, Candelario Olaverri Doménech, Juan Modesto Pérez Ganuza, Corpus Pinillos Sainz, Ramón Pinillos Sainz, José Roa García, Luis Félix Roa Lasa, Justo Rubio Crespo, Emilio Salvatierra Vélez, Germán Valerio Palacios, Gil Valerio Sainz, Antonio Vicente Laborda, Carmelo Anacleto Vicente Redrado y Antonio Zurbano Abaigar .