Noiz argitaratua Asteartea, 2018.eko Maiatzak 22

Marta Román geografoak hiriko espazioak haurrentzat berreskuratzearen alde egin du, haurrak hazi, jolastu, garatu eta elkarbizitzen ikasteko habitat baten alde

“Nafarroako Eskola Kontseiluaren arratsaldeak” programaren barnean, Romanek “Haurtzaroa eta Hiria” hitzaldia eskaini du

Nafarroako Eskola Kontseiluak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin eta Nafarroako Parlamentuarekin batera, “Haurtzaroa eta Hiria” hitzaldia antolatu du, Marta Romanek eskainia, geografoa eta haur mugikortasuneko proiektuetan aditua. Hitzaldia arratsaldeko 19:00etan izan da Parlamentuko Erabilera Anitzeko Aretoan.

 

Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, Ainhoa Aznarez Igarzak, Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakari den Aitor Etxarterekin eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakari den Pablo Azconarekin batera jardunaldia aurkeztu du, eta Eskola Kontseiluari eskerrak eman dizkio horrelako hitzaldiez gozatzeko aukera emateagatik.

 

Aznarezek aipatu du beharrezkoa dela “normalean hiriari buruzko erabakietan ahotsik ez duten kolektiboei espazio eta tokia ematea, haurtzaroari, esaterako”, eta “gertutasuneko burujabetza defendatu du, gure hiri eta herriei buruzko erabakiak hartzeko aukera eta eskubidea”. Gainera, Lehendakariak adierazi du “politika publiko guztien eduki beharreko genero ikuspegia elkarbanatzen duela, batez ere hiria eraikitzeko orduan eduki beharreko genero ikuspegia”.

 

Pablo Azconak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakariak azpimarratu du “pertsonen eskubideak eraikuntzaren gainetik daudela”, eta nabarmendu du egun ikuspegi hau agenda politikoetan dagoela. Azconak genero eta generazio ikuspegiak politikan intregratzearen alde egin du.

 

Aitor Etxartek, Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakariak Martaren presentzia eskertu du, esparru honetan aditua izanagatik. Adierazi du egun “espazioak zalantzan jartzeko beharra dagoela, eta gizarte eragileek, irakasleek, familiek eta entitate desberdinek egiten duten eskaera soziala hau dela”.

 

Marta Romanek azaldu du egun haurtzaroa “idealizatuta, domestikatuta eta pribatizatuta dagoela”, eta horrek “espazio publikoa galtzera” eraman gaituela. “Heziketa pribatizatu da, lehen komunitate osoak egiten zuena orain familiek eta ikastetxeek egiten dute, horrek dakarren presioarekin”.

 

“Haur bat hezteko tribu baten beharra dago, eta hori galdu egin da” adierazi du Romanek, eta gehitu du “bizilagunak laguntza izatetik mehatxu izatera pasa direla”, azalduz beldurraren eta haurtzaroaren pribatizazioaren erruz “aniztasunaren ideia galdu egin dela”.

 

Romanek hiriko espazioak haurrentzat berreskuratzearen alde egin du, haurrak hazi, jolastu, garatu eta elkarbizitzen ikasteko habitat baten alde. Oinezkoen lehentasuna eta ingeniariek eskaintzen dituzten irtenbideak beharrezkoak ikusten ditu, “baina giltza espazio soziala berreskuratzean dago, sareak sortuz. Mundu guztiak zaintzen du”.

 

Marta Román Rivas geografoa da eta bere esperientzia profesionala oinarritzen da egun hirien inguruko erabakiak hartzean ordezkaritzarik ez duten kolektiboei ahots eta espazioa ematean, haurtzaroari, gazteei edo adinekoei, esaterako. Genero eta generazio ikuspegia hirigintzan integratzen aditua da, hiriari lotutako prozesu parte hartzaile ugari diseinatu eta dinamizatu ditu.

 

Jardunaldia Nafarroako Parlamentuko Erabilera Anitzeko Aretoan ospatu da 19:00etan, eta bertaratu direnen artean Miren Aranoa, Esther Korres (EH Bildu) eta Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu) parlamentariak izan dira.