Noiz argitaratua Ostirala, 2017.eko Martxoak 3

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Batzordeak Lokizko akuiferoa bisitatu du

Azterlan batek argituko du "dagoeneko egoera kritikoa duen" akuiferoak Jurramendiko Mankomunitateko Erribera eta Vianako Ur Hornidurako Proiektuari eusteko gaitasuna daukan

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Batzordeak Lokizko akuiferoaren ingurua bisitatu du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek eskatuta.

 

Bisitan Luis Zarraluqui, Carmen Segura (UPN parlamentu-taldea), Unai Hualde, Patxi Leuza (Geroa Bai parlamentu-taldea), Dabid Anaut (EH Bildu parlamentu-taldea), Rubén Velasco (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea) eta Guzmán Garmendia (PSN parlamentu-taldea) parlamentariek hartu dute parte.

 

Parlamentuko ordezkaritzari Antzineko udaletxean egin diote harrera Javier Dallo udalerriko alkateak, Ana Muñoz Murietako alkateak, Eduardo Landa Lanako alkateak, Legaria, Zuñiga, Oko eta Iguzkitzako udaletako kargudunek eta Felipe Ajona eta Juan Iriberri Ega Bizirik elkarteko ordezkariek.

 

Bisitaren helburua, eskatzaileek zehaztu dutenez, “Jurramendiko Mankomunitatearen eremua hornitzea bermatzeko proiektatu diren erauzketa intentsiboek Lokizko akuiferoan eta Ega ibaiaren osasun egoeran eta emarian izanen luketen eraginari buruz Egaibarreko alkateek eta Ega Bizirik elkarteak daukaten ikuspuntua zuzenean entzutea” izan da.

 

Ondoren egindako bileran une honetako egoera izan dute aztergai, hain zuzen ere, Auzitegi Gorenak epaia eman ondoren sortutakoa; epai horrek, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak lehenago emandakoaren haritik, Jurramendiko Mankomunitateko Erribera eta Vianako Ur Hornidurako Proiektuaren UGPSa baliogabetu zuen, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren “nahitaezko” bideragarritasun txostenik gabe eta toki erakundeen kasuan kasuko lizentzia eta baimenik gabe onetsi zelako.

 

Hortik abiatuta, obrak hasi izana, alegia, Mendazan bi putzu egin izana “legez kanpokoa da, ez duelako Ebroko Konfederazio Hidrografikoak emandako baimen eta emakidarik, eta Auzitegi Gorenak erakunde horri eskatu dio ur baliabide nahiko dagoen ala ez zehatz dezan; izan ere, helburua “erauzpen eskaria areagotzea zen, eta, hortaz, ez da obra hidrauliko huts bat”.

 

Testuinguru horretan, eta lekuan bertan zeudela, San Faustoko Iturriaren ondoan (Antzin), “une honetako erauzketa mailarekin, duela 20 urtetik hona, egoera dagoeneko kritikoa dela frogatzen” saiatu da Juan Iriberri. “Lehen, ustiapen txikiarekin, ez zegoen arazorik, Egak udan modu naturalean birkargatzeko bost puntu inguru dituelako. Iturri horiek ukitzen ez badira, edo neurriz ukitzen badira, emariak ez du sufrituko. Hala frogatu zen 1989ko lehorte handian: Antzinetik behera nabaritu ere ez zen egin. Hemen, San Fauston, ura geldi zegoen. Orain ez, urte bateko euri maila batez bestekoaren azpitik baldin badago, orduan gutxienez hilabete eta erdiz edo bi hilabetez erabat lehor egoten da.”

 

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak, abuztuan, ibai, ibaiadar eta iturburuek beharrezkoa duten emari ekologikoa zehazteko azterlan hidrogeologikoa egitea aurreikusten du; horri buruz galdetuta, Ega Bizirik elkarteko presidenteak azaldu du ez dutela beharrezkotzat jotzen, “duela 20 edo 30 urtetik ikerketa zehatzak” dituztelako; hala ere, Pozo del Encino inguruan (ibai ondoan) egin behar direla azaldu du, erauzketak berehalako eragina baitauka han, eta ez lau kilometrora, Mendazan, eragina nabarmentzeko denbora gehiago behar delako han”.

 

Nolanahi ere, Nafarroako Gobernuari eusten dioten lau alderdiek sinatutako Akordio programatikoan jasotako azterlanari esker Lokiz-Egako akuiferoaren gaitasuna eguneratu nahi da, bi lan eginez, batetik El Encino inguruan, segundoko 70 litroko erauzketa batean, eta bestea Mendazan, 175 litrokoa.

 

Horri dagokionez, Ega Bizirik elkarteko Felipe Ajonak bi putzu berri egitea ere gaitzetsi du, ez baita beharrezkoa. “Mendazan eta Antzinen Ega ibaitik eta Lokizko akuiferotik ura ateratzeko putzuak daude. Honako hau 40 milioi inguruko proiektu bat da, eta irregulartasunez josita dago, bai Ebroko Konfederazio Hidrografikoari dagokionez, bai Jurramendiko Mankomunitateari dagokionez; proiektuaren erdi egiak eta itzalak ere salatu genituen”.

 

Bukatzeko, Ajonak argi utzi du “kontua ez dela behar duenari edateko ura ukatzea, jakina. Kontua da, zorroztasun tekniko eta legalik eza alde batera utzita, beste alternatiba batzuk baztertu egin direla, esaterako Iruñekoa eta Tafallakoa. Hemendik aurrera behar bezala jokatzea espero dugu”.

 

Bisita bukatu ondoren, Zuñigako alborón (iturburua) inguruan, UPN, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguko eledunek udan eginen den azterlanaren emaitzetara joko dutela aipatu dute, eta ondorioen arabera kasuan kasuko erabakiak hartuko direla zehaztu dute.