Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Urtarrilak 19

Kultura eta Kirol Batzordeak Kasedako San Zoilo baseliza bisitatu du

Nafarroako Gobernuak kontserbazioa bermatu ahal izateko egin duen zaharberritze osoa ezagutzeko

Kultura eta Kirol Batzordeak gaur Kasedako San Zoilo baseliza bisitatu du. Erdi Aroko eraikin gotikoa da, XIV. mendean jasoa, eta Nafarroako Gobernuak interes kulturaleko ondasun izendatu zuen 2001ean.

 

Batzordeko kide hauek bertaratu dira: Raquel Garbayo, Patxi Pérez (Navarra Suma talde parlamentarioa), Arantza Biurrun (PSN talde parlamentarioa), Ana Ansa (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Maiorga Ramírez (EH Bildu talde parlamentarioa).

 

Parlamentuko ordezkariei harrera egin diete Kasedako alkate Jesús Esparzak, Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendari Susana Herrerosek, Construcciones Leache enpresa adjudikaziodunaren ordezkari Sara Hernándezek, eta Ermita de San Zoilo kultura elkarteko Luis Sola, Pablo Larraz eta Juan Miguel Cired ordezkariek.

 

Bisitaren helburua izan da Nafarroako Gobernuak egindako esku-hartzea ezagutzea. Iragan abenduan amaitu zen, eta 492.050 euro inbertitu dira.

 

Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendari Susana Herrerosek azaldu duenez, zaharberritze osoaren xedea izan da “kontserbazioa bermatzeko baldintzak hobetzea”, zenbait arazo detektatu ondoren: “hormak kanporantz makurtuxeak zeuden, pitzadurak agertu ziren, estalkitik ura sartzen zen barnealderantz, eta atarian kalteak zeuden”.

 

Construcciones Leache enpresa adjudikaziodunaren ordezkari Sara Hernándezek esan duenez, “estalkian eta lapranen goialdean estankotasun arazoak konpontzea” izan da lan nagusia. Lehengo estalkiaren ordez “antzeko bat jarri da iragazgaizte berriarekin, iragazgaizte horren berme eta babes geruzak mehetu egin dira eta horien profila gangetako goihabeen profilera egokitu da, zama apur bat arintzen saiatzeko”.

 

Halaber, pitzadurak eta junturak berdindu egin dira, eta harlandu batzuk berritu (“hormak eta kontrahormak sendotzeko”); mendebaldeko hormaren behealdeko hezetasunak saneatu dira; gangak, hormak eta osagai eskultorikoak garbitu; beirateak zaharberritu; horma-pintura kontserbatzeko lanak egin dira; eta elektrizitatea eta argiztapena hobetu egin dira.

 

Ermita de San Zoilo kultura elkarteko Luis Solak gehitu du, bitxikeria gisara, intsektu eta hegaztien habiak ere kendu direla ataritik eta barnealdetik. “Saguzahar kolonia bat eduki dugu eta haien gorotz eta txizek kaltetu egin dituzte koru aldeko eskailerak eta beste elementu batzuk. Kanpoan bi kabi jarri zaizkie, Erdi Aroko ostatu zaharreko horman”.

 

Solak gogorarazi du elkarteak baselizako horma-irudia zaharberritu zuela 2018an, eta Udalak baselizari atxikitako higiezinen zati bat eraberritu zuela 2020an. “Bigarren fase batean baselizaren ingurune osoa birgaituko da, eta horrela ederki geldituko da urte askotarako”.

 

Baseliza eta inguruak ikusi ondoren, parlamentariek baselizaren barnealdean aurkitutako grafito multzoa ezagutu du, historialaria eta elkarteko kidea den Pablo Larrazen eskutik. Berriki XVI. mendeko data jarri zaien grafitoak dira, eta, “dirudienez, Mediterraneoan burututako itsas ekintza bat irudikatzen dute”.

 

Jesús Esparza alkateak, berriz, esan du “pozik” dagoela egindako lanarekin, eta beharrezkoa dela “edukia ematea” udal eremu honi, izan ere, nahiz eta herritik hiru kilometrora egon, “hainbat aukera” eskaintzen baititu.