Noiz argitaratua Asteartea, 2018.eko Martxoak 27

Kontratu Publikoei buruzko Foru Lege proiektuaren irizpena onetsi da

Eredu berriak prezio eta kalitatearen arteko harremana hobetzea du oinarri, eta fase guztietan izaera transbertsal eta derrigorrezkoa izango duten klausula sozialak ezarriko dira

Ogasuna eta Finantza Politika Batzordeak aho batez onetsi du gaur Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko Foru Lege proiektuaren irizpena. Ordenamendu juridiko nafarra Europako kontratazio egoerara moldatzeko helburuarekin sortutako Ponentziak burututako txostena biltzen du testuak, tekniko eta ordezkari sozial eta sindikalen kolaborazioarekin egina.

 

Abiapuntu gisa, Gobernuak Parlamentuari (2017ko irailean) bidalitako Nafarroako Kontratu Publikoen Lege Proiektua izanen du Ponentziak, eta horri 204 zuzenketa partzialak gehitu beharko zaizkio.

 

Foru Lege proiektuaren xedea da ordenamendu juridiko nafarra Europako kontratazio egoerara moldatzea, Europa Estrategia 2020rekin bat etorriz, enplegu, produktibitate eta lotura soziala sortuko dituen garapen ekonomikorako eredu bat sustatzeko, baita funts publikoen erabilera eraginkor bat bermatuko duena ere.

 

Foru Legeak merkatu lehiakorrago bat sustatzea bilatzen du, ETEen parte hartzea erraztu (enplegu potentzial handiena eskaintzen dute) eta kontratazio publikoa erabiltzeko tresnak eskaintzea gizarte, ingurumen eta ikerketa politiketako tresna gisa, hori guztia globalizazio ekonomikoaren esparruaren ikuspegi modernizatzailetik.

 

Helburu horrekin, gizarte ekonomia lehiakor batera joateko, prozeduraren sinplifikaziorako eta administrazio karga gutxitzeko neurriak gehitzen dira, kalitate-prezio harreman hobe bat bilatzeko, edozein esleipenerako oinarrizko kontzeptua.

 

Zentzu horretan, talde guztiek bat egin dute, nabarmenduz kalitate eta prezioaren arteko harremanean oinarritutako kontratazio eredu berriak dakarren paradigma aldaketa onuragarria izango dela, baita izaera transbertsal eta derrigorrezkoa izango duten ingurumen klausula eta klausula sozialak ezartzeak ere, prozesuaren fase guztietan, betearazteko orduan ere, kontrolpean egongo direnak.

 

Halaber, hitzarmen sektorialak errespetatuz, baita subrogazio kasuetan ere, enpleguaren kalitatea bermatzeko xedea duen proiektuak dakartzan lan esparruko berrikuntzak azpimarratu dituzte. Helburua eskaintza eskasak saihestea da, merkatutik kanpo daudenak eta prekarietatea mantentzen dutenak, eskaintzen duten zerbitzuaren kalitatea kaltetzen baitute.

 

Gardentasun eta prebentzio neurrietan ere aurrerapausoak eman dira gobernantza berriaren oinarriak aurrera eramateko, hau da, iruzurra, ustelkeria eta interesen arteko gatazkei aurre egiteko.

 

Testuinguru horretan, negoziatutako eta iragarri gabeko prozedurak murriztuko dira, legearen sostenguarekin lizitazioen ezagutza publikoa murrizten baitzuten. Gainera, zerga-betebeharrak egunean ez dituzten enpresak edo lan urraketak edo urraketa fiskaletan erori direnak lizitazioetatik kanpo geldituko dira.

 

Batzordean gauzatutako eztabaidan hiru in voce zuzenketa aurkeztu dira, eta PSNk aurkeztutakoak soilik egin du aurrera, zeinak Lege honen ezarpenetik kanpo uzten dituen ingurumen, ehiza eta arrantzaren defentsarako entitate eta elkarteak, “duten izaera dela eta”. Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra abstenitu egin dira, gainerakoek alde bozkatu dute.

 

UPNren bi zuzenketak, aldiz, baztertu egin dituzte. Lehenak irabazi asmorik gabeko Enplegu Zentro Bereziak kanpo utzi nahi zituen, baina PPNren babesa jaso dute soilik, PSNk abstentzioa eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aurka bozkatu baitute.

 

UPNren bigarren in voce zuzenketak langileen formakuntzarako euskara plana egitearen baldintza ezabatu nahi zuen, kontratuaren eskaintzan publikoari arreta zerbitzua beharrezkoa zen kasuetan. UPNk arrazoitu du “bidegabea eta neurrigabea” dela, eta I-Ek adierazi du “euskararen aurrerapenerako pausu bat dela eta ez duela izaera derrigorrezkoa”.

 

Hitzartze txandan, eledun guztiek azpimarratu dute Lege honen atzean dagoen kontsentsu politiko eta teknikoa, hein handi batean, adituen ekarpenei esker.

 

Irizpena onetsi ondoren, Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko Foru Lege proiektua hurrengo osoko bilkurara eramango da, apirilaren 12an, bere azken eztabaida eta bozketarako.

 

Gaurko saioan Isabel Aranburu (Geroa Bai) izan da lehendakaria eta bertaratu diren parlamentarioak izan dira Juan Luis Sánchez de Muniáin, Carlos García Adanero, Iñaki Iriarte, Luis Casado (UPN), Jokin Castiella, Unai Hualde (Geroa Bai), Arantxa Izurdiaga, Asun Fernández de Garialde (EH Bildu), Laura Pérez, Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu), Ainhoa Unzu, Guzmán Garmendia (PSN), Javier García (PPN) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra).

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek proposatuta, irizpenaren oinarri izan den txostena eratzeko ponentzia hurrengoek osatu dute: Jokin Castiella (Geroa Bai), Juan Luis Sánchez de Muniáin (UPN), Arantxa Izurdiaga (EH Bildu), Ainhoa Unzu (PSN), Laura Pérez (Podemos-Ahal Dugu), Javier García (PPN) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra).

 

  • www.parlamentodenavarra.es

  • Foru Lege Proiektuaren argitalpena (NPAO, 115.zk , 2017-09-21ekoa)

  • Zuzenketen argitalpena (NPAO, 22.zk , 2018-02-22koa)

  • Ponentziaren txostena