Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Urriak 14

Hezkuntzako kontseilaria premiatzen da Nafarroako Parlamentuak hartutako erabakiak bete ditzan

Gizarte eta familia arloan antolakuntzarako ezinbestekoak diren eskola-ordutegia bezalako gaiei buruz hezkuntza-komunitatearekin elkarrizketarik ez izana deitoratu du Legebiltzarrak

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, Geroa Bairen eta EH Bilduren aldeko botoekin, I-Eren abstentzioarekin eta PSN eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Kontseilaria premiatzen baita “Nafarroako Parlamentuak hartutako erabakiak bete ditzan, zuzenbidezko estatu demokratikoan behar den legez”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Hezkuntzako kontseilariari eskatzen dio “hezkuntza-erkidegoak parte hartzeko eta hari aditzeko behar diren bideak gaitu ditzan, aginduzkoa denari jarraikiz, hezkuntza-sisteman eragina duten erabakiak hartu aitzin”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Hezkuntza Sailaren “aldebakartasuna” kritikatzen du eskola-ordutegiarena bezalako gaietan erabakiak hartzerakoan, zeintzuk “gizarte eta familia antolaketarako funtsezkoak” diren.

 

Horri dagokionez, gaitzetsi egiten da 21/22 ikasturterako lanaldi jarraitua “inposatu” izana, “aurrerago derrigorrezko eskolaz kanpoko jarduerekin lau arratsaldez osatuta egongo dena”, eta azpimarratzen da jarduteko modu horrek ez duela soilik Parlamentuaren agindu demokratikoa urratzen, baizik eta “elkarrizketarik eza eta hezkuntza-komunitateari entzungor egitea” erakusten duela.

 

Gauzak horrela, eta irakasleekin, ikastetxeekin eta familiekin inolako negoziaziorik egon ez dela azpimarratu ondoren, deitoratu egiten da egungo egoera moldatzeko urriak ematen zuen aukera galdu izana, “hezkuntza-komunitatea xedapen guztiz berrira mugatuz, ikastetxeek eta familiek ez baitute horretarako denborarik izan”.

 

Amaitzeko, proposamena egin duenak kontseilariaren jokamolde “desegokia” beste gai ugaritan eman dela adierazi du, esaterako, ikasleen onarpen-prozesuan, Tokiko Eskolatze Batzordeak kentzean, eskola-garraioaren lizitazioan edo hezkuntza berezituko ikastetxeek itunak “ustez urratu izanaren” gaineko kudeaketan.

 

  •