Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Apirilak 14

Hezkuntza Batzordeak Antzingo Lokiz ikastetxe publikoa bisitatu du

Proposatu da ikastetxe berri bat eraikitzea ikasle guztiak hartu ahal izateko, zonako ikastetxe izendatu eta D eredua ezarri ondoren bikoiztu egin baita ikasle kopurua eta gora jarraituko duela aurreikusten baita

Hezkuntza Batzordeak Lokiz ikastetxe publikoa bisitatu du gaur. Antzinen dago, 1930ean eraikitako udal eraikin batean. “Zonako ikastetxe” izendatuta dago 2017. urtetik, eta 46 ikasle ditu: 34 ikasle D ereduan eta 12 ikasle A ereduan.

 

Parlamentari hauek bertaratu dira: Pedro González, Elena Llorente, Javier García (Navarra Suma talde parlamentarioa), Virginia Magdaleno (PSN talde parlamentarioa), María Solana (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Patricia Perales (EH Bildu talde parlamentarioa).

 

Legebiltzarreko ordezkariei harrera egin diete Koldo Solchaga ikastetxeko zuzendariak, Isaac Corres Antzingo alkateak, Nagore San Felices zinegotziak, ikastetxeko guraso elkartearen izenean Majek, Yurema Lama Murietako alkateak eta Javier Martínez de Morentin zinegotziak.

 

Talde parlamentario guztiek proposatutako bisita izan da, eta helburu izan du “ikastetxearen egoera eta premiak bertatik bertara ezagutzea”. Izan ere, ikasleen kopurua bikoiztu egin zaio azken urteetan, eta aurreikusten du eskaria are gehiago haziko dela.

 

Isaac Corres Antzingo alkateak azaldu duenez, 2014an Murietako ikastetxea itxi egin zuten matrikulazio faltagatik, eta Antzingo Udalak, “berari ere beste horrenbeste gertatzeko arriskua ikusita”, lortu zuen Nafarroako Gobernuak zonako ikastetxe izenda zezan. Egoera berri horri “D ereduaren ezarpena, eskola garraioa eta jantokia gehituta, instalazioek beren edukiaren muga gainditu dute eta ez dira aski premiak asetzeko eta irakaskuntzarako baldintza onenak bermatzeko”.

 

Parlamentuko ordezkari taldeak bisita gidatua egin du ikastetxeko instalazioetan. Bi solairu daude, elkarrekin konektatu gabeak, eta ez dago jolas ordurako edo kirol jardueretarako inolako tokirik.

 

Koldo Solchaga ikastetxeko zuzendariak erantsi duenez, instalazioetan “zaila da urruntze sozialeko neurriak betetzea” Covid-19ari aurre egiteko, zeren, adibidez, “jantokia bikoizte-gela gisa erabiltzen baita eta zenbaitetan bionbo bat jartzen baita ikasgela bitan banatzeko”.

 

Horregatik, ikastetxeak, Udalak eta ikastetxeko guraso elkarteak proposatu dute ikastetxe berri bat eraikitzea gaur egungo eta geroko beharrei aurre egiteko, “edukiera-muga gaindituta dagoelako eta eskariak gora jarraituko duela aurreikusten delako”.

 

Era berean, landa eskolen aldeko apustuak “lagunduko luke gaur egun masifikatuta dagoen Lizarrako Remontival ikastetxearen egoera arintzen”.

 

Horretarako, Udalak bere jabetzako 3.000 m2-ko lurzati bat eskaini dio Nafarroako Gobernuari herriko goiko aldean, zonako ikastetxe berria eraikitzeko baldintzak betetzen dituena. Errepidetik urrun dago, laugune batean, autobusen joan-etorri eta maniobretarako sarbide zabalekin urbanizatuta, berdeguneetatik eta haur-parketik hurbil.

 

“Badakigu, ordea, ikastetxe berri bat ez dela gauetik goizera egiten”, gehitu du Solchagak, eta horregatik beste aukera bat planteatu da, alegia, 2021-2022 ikasturtetik aurrera Murietako ikastetxeko instalazioak erabiltzea behin-behinean Haur Hezkuntzako ikasleentzat; bitartean Lehen Hezkuntzakoek Antzinen segituko lukete. “Nahiz eta horrek logistikaren eta plangintzaren aldetik zenbait eragozpen sortu, berehalako konponbide onena da eskolaren egoera zuzentzeko”.

 

Jarraian, Hezkuntza Batzordeak 2014tik itxita dagoen Murietako ikastetxeko instalazioak bisitatu ditu, behin-behinean erabiltzeko egokiak diren egiaztatze aldera. 2008an zaharberritua, baditu 4 ikasgela, langela bat, jolas aretoa, komunak eta mugikortasun urriko pertsonentzat moldatutako sarbideak.

 

Bestalde, Majek, Lokiz ikastetxe publikoko guraso elkartearen izenean, elkarte horrek berak kudeatzen duen jantoki sistemari eusteko aldarrikapena helarazi die Parlamentuko ordezkariei. Nafarroako Gobernuak eskualdeko eskoletako jantokien zerbitzuak lizitatu ditu datorren ikasturterako, eta haien egoera ez dator bat baldintzen agiriarekin.

 

“Uste dugu gure zerbitzuak betetzen dituela lizitazioan eskatzen diren kalitate eta jasangarritasun baldintzak, eta gehiago ere bai. Izan ere, gastua zuzenean bideratzen da tokiko ekoizleengana, produktu ekologikoetara, landa eremuetako emakume langileengana eta jantoki zerbitzuaren proiektu pedagogikoaren hezkuntza-kalitatera”.

 

Zehazki, hiru lanpostu sortu direla adierazi du. Eskualdeko hiru emakume enplegatzen dituzte: sukaldaria eta bi zaintzaile. “Despopulazio arriskua duen landa eskualde batean gaude. Ezarri nahi diguten sistema berria despopulazioa geldiarazteko borrokaren kontrakoa da. Gure sistemak lana ematen die inguruko herrietako pertsonei, enplegatutako emakumeak izan nahiz beste ekoizle batzuk izan”. Eta balio pedagogikoa ere azpimarratu du. “Haurrek badakite non sortu den produktua, non eraldatu den, zer-nolako balioa duen elikadurarako eta ingurumenerako, zer hondakin sortzen dituen eta hondakin horiek nola baliatzen ahal diren ekonomia zirkularreko sistema bat sortzeko”. Baldin eta azkenean zerbitzu horren ardura hartzen uzten ez badiete, gurasoek eskatzen dute inguruko catering enpresa txikiei lehiatzeko aukera emateko, lehiaketaren egungo baldintzekin ezin baitute lizitazioan parte hartu.

 

Amaitzeko, despopulazioaren eta zahartzearen arriskua duten landa eskualdeetan ikastetxeek betetzen duten eginkizuna nabarmendu ondoren, Antzingo eta Murietako alkateek iragarri dute 0-3 urteko Haur Hezkuntzako ikastetxe bat ezarri nahi dutela Murietako ikastetxeko instalazioetan, luzera begira.

 

“Zonako ikastetxea izatea nahi dugu, ibarreko zenbait udalek sostengatua. Proiektua gaur egun hasierako fasean daukagu eta dagokien erakunde, udal eta departamentuekin harremanetan jartzen ari gara, baina espero dugu epe ertainean gauzatzea. Beraz, ez legoke eragozpenik instalazioa libre geratu arte itxaroteko, Lokiz ikastetxearen eraikin berria prest egon arte”.