Noiz argitaratua Asteartea, 2022.eko Martxoak 22

Herritarrekiko Harremanetarako Batzordeak atzera bota du Nafarroako Bizikidetzaren I. Plan Estrategikoa

Ez du aurrera egin, Navarra Suma eta Bilduren kontrako botoekin, eztabaidan zehar mahaigaineraturiko 42 erabaki-proposamenetako 13 testuan txertatu ostean

Herritarrekiko Harremanetarako Batzordeak atzera bota du gaur, Navarra Suma eta EH Bilduren kontrako botoekin eta PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin, 2021-2024 aldirako Nafarroako Bizikidetzaren I. Plan Estrategikoa. Gobernuak igorritako testu hori baztertu aurretik, eztabaidaturiko 42 erabaki-proposamenetatik (3 in voce) 13 txertatu zaizkio.

 

2021-2024 aldirako Nafarroako Bizikidetzaren I. Plan Estrategikoa Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak prestatu du, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren bitartez; biak Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuari atxikita daude.

 

Gobernua babesten duten alderdiek sinaturiko Bizikidetzazko eta berdintasunezko legegintzaldi berritzaile eta aurrerakoirako Programa Akordioaren 3.11 kapituluan ezartzen denaren arabera, “bakearen, normaltasunaren eta elkarbizitza demokratikoaren aldeko” planak “maila soziopolitikoan bakea eta ulermena” bultzatzera bideraturiko “memoriaren kudeaketa integrala” lortu nahi zuen, “helburu politikoak dituen indarkeria-mota ororen erabileraren gaitzespenetik” abiatuta.

 

Nafarroako Bizikidetzaren I. Plan Estrategikoa sei ardatzen inguruan egituratzen zen: giza-eskubideak ezartzea, terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimen eskubideak babestea, memoria kritiko eta inklusiboa eraikitzea, tolerantziaren aldeko heziketa, dibertsitatean elkarbizitzea, eta bizikidetzarako erakunde erreferenteak eratzea.

 

Testua Gobernuari itzuli aurretik, erabaki-proposamenen eztabaidan eta bozketan zehar, Navarra Sumaren 3 erabaki-proposamen onetsi dira (13tik, 2 in voce); honako hauek: “jaien despolitizazioa lortzeko lan egitea; Planean ezker muturreko eta zeinu horretako indarkeria politikoko talde terroristen jarduera jasotzea; eta Estatuko segurtasun indar eta kidegoak eta beren familiak defendatzeko eta horien kontrako jazarpen-kanpainak gaitzesteko ekitaldi bat sustatzea”.

 

Era berean, EH Bilduren kontrako botoarekin eta gainerako alderdien babesarekin, PSNren in voce proposamen bat (egin duen proposamen bakarra) onetsi da. Horren bidez, “indar politiko guztiek terrorismo mota oro eta bereziki ETArena gaitzesteko beharra” mahaigaineratu da.

 

Era berean, EH Bilduk sinaturiko 6 erabaki-proposamen onetsi dira (23tik). Horietan, Bizikidetza Planari “zeharkako” izaera ematea proposatzen zen, bere jarduerak “modu orokorrean elkarbizitzan eragiten duten” Gobernuaren beste plan batzuekin bateratzeko xedearekin (besteak beste, migratzaileen harrerarako, arrazakeriaren eta xenofobiaren kontrako, gizarteratzearen aldeko planekin eta LGTBI Berdintasunaren, Parte-hartzearen, Gazteriaren edo Euskararen inguruko planekin).

 

Halaber, esparru guztietan Parte-hartze Demokratikoari buruzko Foru Legea garatzearen eta ezartzearen aldeko apustua egiten zen, bai eta elkarbizitza indartzekoa ere, bereziki gazteriaren eta emakumeen kontrako indarkeriaren esparruan, ahal den guztia eginez gizarte-bazterkeria arriskuak murrizteko. Elkarbizitzaren esparruan ere, hezkuntzaren alorrean eta erakunde publikoen jardunean laikotasuna sustatzea proposatzen zen.

 

Aurrera egin duten azken hiru proposamenek Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeen sinadura zeramaten. Kasu honetan, planaren helburu estrategiko eta orokorren artean “sozializaziorako eta berdintasunezko erabateko inklusiorako” printzipioak txertatzea proposatzen zen, “besteei dagokienez elkarbizitza-arauekiko eta balio demokratikoekiko errespetuaren baitan”. Hirugarren ekarpena hezkuntzaren esparruan kokatzen zen, eta bertan, “inguru fisiko-sozialean egokituta dauden eta hurbileko beste ikastetxe batzuekin elkarreragiteko bokazioa duten” ikastetxe “plural, inklusibo eta mistoen” alde egiten zen.

 

Gaurko bilkuran, Carlos Pérez Nievas (Navarra Suma) buru zela, honako hauek izan dira: Iñaki Iriarte, Isabel Olave, Jorge Esparza, José Suárez, Juan Luis Sánchez de Muniáin (Navarra Suma), Inma Jurío, Jorge Aguirre, Javier Lecumberri (PSN), Jabi Arakama, Mikel Asiain (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Arantxa Izurdiaga (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (I-E).

 

www.parlamentodenavarra.es

• Publicación del I Plan Estratégico de Convivencia de Navarra 2021-2024 (https://www.parlamentodenavarra.es/es/contenido/documentos)