Noiz argitaratua Astelehena, 2017.eko Urriak 16

Gizarte Erakundeen Plataformak Pobreziaren aurkako Nafarroako Ituna berrikusi eta eguneratzeko eskatu dio Parlamentuari

Gogorarazi du Nafarroan badirela 83.000 pertsona gizarte bazterketaren arriskua dutenak, eta justizia fiskalean eta gizarte politika eraginkorretan oinarritutako eredu ekonomikorako aldaketa eskatu du

Pobrezia Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Gizarte Erakundeen Plataformak Pobreziaren aurkako Nafarroako Ituna berrikusi eta eguneratzeko eskatu dio Parlamentuari, hartara, 2030 Agendan jasotako garapen jasangarriko helburuei begira, justizia fiskalean eta inklusiorako zein babeserako gizarte politika publikoen sustapenean oinarritutako eredu ekonomikorako aldaketa bultzatzeko.

 

Legebiltzarraren egoitzan egindako prentsaurrekoan Gizarte Erakundeen Plataformaren ordezkariek adierazi dutenez, 2015eko datuen arabera “896 milioi pertsona bizi dira pobrezia gorrian, 13 milioitik gora Espainiako Estatuan. Nafarroan 83.000 pertsonak dute gizarte bazterketaren eta pobreziaren arriskua”.

 

Aurrekoaren harira, desgaitasuna duten pertsonen egoeraz ohartarazi dute. Kolektibo hori ere, “enplegagarritasun maila apalen eta laguntza faltaren ondorioz, gizartetik baztertzeko arriskuan dago”.

 

Gizarte Erakundeen Plataforma pozik agertu da talde guztien arteko akordioa lortu delako erakunde-adierazpena adosteko garaian, zeina “desgaitasunaren, lankidetzaren, gizarte inklusioaren eta elkartasunezko ekonomiaren alorretako ibilbide-orria” izatea espero baitute, eta “Nafarroako hurrengo Aurrekontu Orokorretan egoki islatzea”.

 

Gizarte Erakundeen Plataformak, azkenik, gizarte osoari deia egin dio astearterako (Sarasate pasealekua, 19:00) antolatutako aldarrikapen jardunaldian parte hartzeko, Desparekotasun gordinen kontra mugitu leloaren pean. Ordezkari hauek agertu dira prentsaurrean Plataformaren izenean: Edurne Redín, Carmen Burgui, Maria Luz Sanz, Patricia Ruiz de Irizar, Mariaje Huici, Amaia Leránoz eta Javier Liras.


Eledunen Batzarrak aho batez onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“Hala, bada, Nafarroako Parlamentutik GURE KONPROMISOA ADIERAZTEN DUGU:

 

Pobreziaren aurkako Nafarroako Ituna berrikusteko eta eguneratzeko, bere X. urteurrenean, honako hauek kontuan hartuta:

 

  1. Estatuaren barruan eta kanpoan pobrezia errotik ezabatzeko eta gizarte kohesioa hobetzeko helburua lortzea eginbehar etiko, sozial, politiko eta ekonomikoa da.

 

  1. Espainiako Estatua 2030 Agendari eta garapen jasangarriko helburuen bidez hura garatzeari atxikitzea adostasun politiko eta sozialaren aldeko elementu indartsua da; halaxe ondorioztatu behar da herritarren borondate orokorra ikusita, herrialde pobretuenganako elkartasun aktiboko politika mantendu nahi baitute; helburu horiek beteko direla bermatzeak ahalegin etengabea eskatzen dio nazioarteko komunitateari, eta Nafarroak ahalegin horretan lagundu behar du, guztiok bete behar baitugu agenda hori.

 

  1. Elkartasunezko ekonomiak barnean biltzen ditu bidezko merkataritza, kontsumo arduratsua, enpresa solidarioak eta elkartasunezko finantzak; garapen jasangarriko helburuak betetzeko beharrezkoa den eredu gisa planteatzen da, eta bazterkeriaren eta pobreziaren eragileen aurkako borrokan parte hartzen du, garapen iraunkorra sustatuz eta oraingo eta geroko belaunaldien premiak bateratuz.

 

  1. Indar handiagoz bultzatu behar dira pobrezia eta gizarte bazterketa ezabatzeko politika publikoak, Nafarroan gizarte kohesioa areagotzen saiatzen direnak, politika eraginkorren sustapenaren bitartez eta behar diren baliabideen hornidura nahikoa dela medio.

 

  1. Elkartasunezko ahalegin hori garatzen ari deneko esparru instituzional eta politikoa hainbat legegintzalditan egindako lanaren emaitza dira, herritar guztien ondare, adostasun politikoaren eta herri mobilizazioaren fruitu. Eta beharrezkoa da behinola hartutako konpromisoak eguneratzea, egiaz bete daitezen lortzeko, eta konpromiso horiek hedatzea, errealitate politiko eta sozial berrien argitan. Pobrezia Ezabatzearen eta Gizarte Kohesioaren aldeko Toki Ituna eguneratuz gauzatu behar da borondate hori, lankidetzarako politika eta gizarte politikak interes alderdikoien mendean jarri behar ez direla jabeturik”.

 

Ekitaldiaren amaieran eledunek talde-argazkia egin dute, kanpainako leloaren ikur gisa dortsal bat ageri zutela. Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez ekitaldian izan da, Koldo Martínez, Isabel Aranburu, Virginia Alemán (Geroa Bai), Maiorga Ramírez (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) eta Nuria Medina (PSN) parlamentariekin batera.