Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Apirilak 21

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Batzordeko kideak bisitan egon dira gaur Lizarrako Erromesen Ospitalea Udal Ostatuan

Lizarrako Donejakue Bidearen Lagunen Elkarteak, zeinak ostatua kudeatzen baitu, aplikatu beharreko araudia eguneratzea eskatzen du, gaua igarotzeagatik kobratu beharreko zenbatekoa handitu ahal izateko

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Batzordeko kideak bisitan egon dira gaur Lizarrako Erromesen Ospitalea Udal Ostatuan. Udal ostatuak 96 plaza dauzka eta Lizarrako Donejakue Bidearen Lagunen Elkarteak kudeatzen du.

 

Honako batzordekide hauek bertaratu dira: Patxi Pérez, Miguel Bujanda (Navarra Suma talde parlamentarioa), Ainhoa Unzu (Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioa), Blanca Regúlez (Geroa Bai talde parlamentarioa ) eta Laura Aznal (EH Bildu talde parlamentarioa).

 

Legebiltzarreko ordezkaritzari harrera egin diete Maxi Ruiz de Larramendi Lizarrako Donejakue Bidearen Lagunen Elkarteko buruak, Ana Duarte, Regino Etxabe, Ibai Crespo, Pablo Ezkurra eta Magdalena Hernández zinegotziek, Asun Jover eta Román Felones elkarteko kideek eta Francisco Javier Artola eta José Javier Osés Donejakue Bidearen Lagunen Elkarteko kideek.

 

Bisita-proposamena egin duen taldeko (Navarra Suma) eledun Patxi Pérezek zehaztu duen bezala, helburua izan da “bertatik bertara ezagutzea ostatuaren instalazioak, haren egoera eta kudeaketa-eredua, Lizarrako Donejakue Bidearen Lagunen Elkarteak Udalarekin egindako hitzarmen baten bidez gauzatzen duena".

 

Ondoren, bilera bat izan da, zeinean Maxi Ruiz de Larramendi Lizarrako Donejakue Bidearen Lagunen Elkarteko buruak azaldu baitu gaua igarotzegatiko tasa 10 eurora igo behar dela, "biziraupen operatiboa bermatzeko eta horren bidez erromesaldiaren jatorriari buruzko zabalkunde-jarduerak egiteko".

 

Ruiz de Larramendik azaldu duenez, "Ostatu turistikoak ugaritzearekin eta pandemia iristearekin, erromesen etorrera errotik eten da" eta, horrenbestez, "Donejakue Bidearen Lagunen Elkarteei lotutako ostatuen etorkizuna birpentsatu behar izan dugu".

 

92/2010 Foru Aginduak ezartzen duen ostatu-gastuengatiko konpentsazioa bost eurokoa da, eta kopuru hori “ez da nahikoa behar berriei" aurre egiteko, hartu beharreko erromesen kopurua orain arte baino nabarmen txikiagoa izanen baita. Ruiz de Larramendik gaineratu duenez, "Araudietara egokitzeko behar diren obrek, mantentze-erreformek eta argiaren, berogailuaren eta uraren fakturaren ordainketak, bai eta elkarteak antolatzen dituen kultura-jarduerek ere, gainditu egiten dute aurrekontuan jasotakoa".

 

Horregatik guztiagatik, elkarteak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio aplikatu beharreko araudia eguneratzeko, "ahalik eta lasterren" gaua igarotzeagatik jaso beharreko zenbatekoa gehienez ere 10 euroraino handitu ahal izateko.

 

Bilera amaituta, parlamentariek bisita gidatua egin dute ostatuan barna, eta informazioa bildu dute, hala badagokio, behar diren ekimenak abiatzeko.