Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Urtarrilak 25

Foru Gobernuak ziurtatu du Lurraldearen Antolamenduari buruzko Foru Legea berrikusteko lanean ari dela

Trenbideen eta hirigintzaren garapenaren gelditzea “arduragabekeriaren” ondorio dela adierazi duen UPNren interpelazio bati erantzun dio

Óscar Chivite Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilariak ostegun honetan ziurtatu duenez, Lurraldearen Antolamenduari buruzko Foru Legea berrikusteko lanak hasi dituzte. Foru Gobernuaren legegintzaldi honetarako programa akordioan aurreikusita dago gai hori.

 

Kontrolerako Osoko Bilkuran UPNk egindako interpelazio bati erantzunez, Chivitek esan du “lege berritzaile batean lan egingo dela, kolektiboki eraikiko dena, gaur egun posible den lurralde-eredu bakarrean sakonduko duena, egungo erronka eta errealitate berriei erantzuna ematen dien garapen jasangarria bermatuz. Horretarako, kontuan hartuko dira klima-aldaketaren erronkak, Nafarroako lurralde-errealitatea (udalerrien garapen-, plangintza- eta hazkunde-beharretan anitza), despopulazioa eta lurralde-desoreka, etxebizitza-behar berriak edo landa-lurzoruaren ikuspegi ekosistemiko berria, baliabideen hornitzaile gisa".

 

Kontseilariak adierazi duenez, Nafarroan lurraldearen antolamendurako politiken garapenaren inguruan dagoen "kezka" landa-munduan oinarritzen da, "bereziki garapena zailena den eremuetan".

 

Aitzitik, UPNren "kezka nagusia" soilik Iruñerriko garapen handien ingurukoa dela adierazi du. Hain zuzen ere, garapen horiek “garrantzitsuak dira Nafarroaren etorkizunerako eta etxebizitza eskuragarriaren eta kalitatezkoaren eskaintza bezalako erronka larriei erantzuteko, baina, haratago joanez, nire erantzukizunagatik, Nafarroa osoaren ikuspegi global eta kohesionatu batetik lantzen dugu lurraldearen antolamendua".

 

Óscar Chivitek adierazi duenez, "Nafarroaren garapen iraunkor eta kohesionatua, gizarte, kultura, ekonomia eta ingurumen arloetan, lurralde osoan jokatzen da. Une honetan, Espainiako lurralde-politikaren eta nire departamentuaren kezka nagusia landa-eremuan kokatzen da, eta, bereziki, hirigune txiki eta ertainetan, herritarrek eskatzen dituzten oinarrizko zerbitzuak lurralde guztietara berdintasunez iristea bermatzea baita helburua", berretsi du.

 

Kontseilariak gaineratu duenez, "landa-ingurunean bizi eta lan egin ahal izateko baldintzak bultzatzea da politika honen erronka nagusia, hau da, nafar guztien bizi-kalitatea mantendu eta hobetzea. Zentzu horretan, landa-eremuaren hazkunde txikiak eta hirigintza-garapen handiak berdin kezkatzen naute", azpimarratu du.

 

Juan Luis Sánchez de Muniáinek (UPN) adierazi du hirigintza garapenaren eta lurraldearen antolamenduaren arloan garrantzia handiena duen plana abiadura handiko trenarena eta trenbidearen plan sektorialarena dela gaur egun, eta gaitzetsi du "arduragabekeria handia" egon dela, eta horrek plana alboratzea ekarri duela. “Lehenengo utzikeria onartutako plana 10 urtez baino gehiagoz kaxoi batean uztea izan da. Gero aldaketak datoz, eta hain dira handiak, ezen hasierara itzuli behar baitugu, hau da, 2010ean gaude berriro", kritikatu du.

 

Sánchez de Muniáinek Donapeako planari buruz gaineratu duenez, "dagoeneko bideratuta zeuden 5.000 etxebizitzari buruz ez dakigu ezer, Iruñeko Udal Gobernu berriaren planetan ez baita Donapekoa aipatzen ere". Gainera, adierazi duenez, "bere garaian beste hirigintza-aurreikuspen bati hasiera eman zitzaion, NUPen plan sektorialaren aldaketa, alegia, eta ez dugu haren egoeraren berririk. Plan hau zuzenean kolapsora doala uste dugu", adierazi du.

 

Javier Lecumberrik (PSN) adierazi duenez, Sánchez de Muniáinek "batez ere Etxabakoitz eta Donapeako proiektuez, Iruñea eta Iruñerria ardatz dituzten hirigintza-garapenen proiektuez eta kaxoi batean sartu ditugun PSIS batzuez hitz egin du, baina proiektu hauek guztiak guk atera behar izan ditugu kaxoietatik, UPNk egindako planteamendu txarrengatik, horiei buruz hartutako erabaki okerrengatik eta auzitegiek eurek atzera bota dituzten akatsengatik".

 

Adolfo Araizek (EH Bildu) adierazi du UPNk “zoritxarreko herentzia” utzi duela Etxabakoitzen eta Donapearen planei dagokienez. Etxabakoitzeko kasuan dena gelditu da, batzuk eta besteak tematu direlako AHT geltokiaren hirigintza-garapenekin eta begiztaren desagerpenarekin lotzen", adierazi du. Horrez gain, Nafarroako Gobernuari eskatu dio, Magna enpresaren proiektuari dagokionez, "Baztango Udala entzun dezan, planaren aurkako alegazioak kontuan hartu ditzan, baita gehiengoaren iritzia ere".

 

Pablo Azconak (Geroa Bai) adierazi duenez, "UPNk aipatu dituen garapenak gelditzeko arrazoia horiek aurrera eramateko erabilitako eredua izan da. Hori da geldiaraztearen arrazoia, eta, hain zuzen ere, Gobernua azken urteotan traba horiek nolabait gainditzeko lanean ari da. Bi eredu kontrajarri dira, bata jasangarritasunean oinarritua eta bestea, UPNk bultzatutakoa, burbuilan oinarritua", esan du.

 

Irene Royok (PPN) azpimarratu duenez, "Nafarroako Ubidea, abiadura handiko trena eta energia berriztagarriak bezalako azpiegiturak lehentasunezkoak eta estrategikoak dira, eta horregatik beti babesten ditugu Europan, estatuan eta, jakina, foru mailan sustatzen dituzten akordioak". Royoren esanetan, Alderdi Sozialistak "azpiegitura horiek geldirik izan ditu eta, gainera, beste hirigintza-dokumentu eta proiektu batzuk ditu kaxoiaren barruan".

 

Azkenik, Daniel Lópezek (Contigo-Zurekin) UPNri aurpegiratu dionez, "ideologia batzuek plangintzarekin zerikusi gutxi duten eta gure hiriak trinkotzea eta, batez ere, etxebizitza sortzea bilatzen duten espekulazioarekin zerikusia duten hirigintza-ereduak proposatzen dituzte. Interes publikoko ondasun gisa planteatu beharrean, etxebizitzaren arazoa konpontzeko eskuinak duen errezetari jarraituz egiten da, gehiago eraikitzeko, lurra liberatzeko eta mundu guztiak jabetza izateko". Horren aurrean, "pertsona erdigunean jarriko duen hirigintzaren" aldeko apustua egin du.

 

Voxek uko egin dio eztabaidan parte hartzeari.