Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Apirilak 26

Foru Gobernua premiatzen da Nafarroako big dataren ustiapen-politika bat gara eta normaliza dezan

Izaera pertsonaleko datuei erabilera egokia ematen zaiela bermatzeko eta informazio estrategia bat gara dezan

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Nafarroako big dataren ustiapen-politika bat gara eta normaliza dezan, guztion onuraren mesedetan; esate baterako, Nafarroako Osasun Zerbitzuaren ikerketan eta diagnostikoan, Foru Ogasunaren iruzurraren aurkako borrokan, gure erkidegoko nekazaritzako ustiapenaren efizientzian edo hezkuntzako aukera-berdintasunean, herritarrei informazio argia emanez beren datuei ematen ari zaien erabilerari buruz”.

 

Bigarren puntua, ordea, baztertu egin dute, Gobernua premiatzen zuen “Nafarroako Datu-kudeaketaren Behatokia sor zezan, inplikatutako departamentuekin koordinatuta eta Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren gidaritzapean begiratu zezan Foru Komunitatean erabilera egokia ematen zaiela izaera pertsonaleko datuei, eta herritarrek Nafarroan nahiz Espainian, Europan edo munduko beste edozein tokitan beren datuak erakunde bati, entitate bati edo pertsona fisiko bati lagatzen dizkiotenean dauzkaten eskubideei, betebeharrei eta arriskuei buruzko informazio-estrategia bat gara zezan”. UPN, PSN eta PPNren babesa ez da nahikoa izan Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoen aldean.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak aurkeztutako mozioak erreferentzia egiten dio “biztanleek haiei buruzko informazio pertsonala dela-eta Administrazioak eta enpresa pribatuak egin dezaketen kudeaketari buruz azaldu duten kezkari”, eta zentzu horretan, Behatoki baten sorkuntza proposatzen zen, “informazio eta kontrol” tresna gisa, “abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak Nafarroa behar bezainbeste estaltzen duen arren, lege hori zorrotz bete dadila bermatzeko”.

 

Behatoki horrek begiratu beharko luke Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko Legea zorrotz betetzen dela Nafarroan, eta ezagutzera eman beharko luke zer mehatxu ekar liezaiekeen datuen erabilera zilegiak beren informazioa borondatez ematen duten erabiltzaileei. Agentzia berezi bat ez litzateke beharrezkoa izango, Euskadin, Katalunian eta Madrilen egin den bezala, Europar Batasuneko 95/46/CE zuzentarauaren bidez.