Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Urriak 15

Estatuko Gobernua premiatzen da Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra alda dezan erretiro aurreratua hartzeagatiko pentsioak kobratzean "bidegabekeriak" saihesteko, 40 urte edo gehiagoko kotizazio efektiboa egiaztatzen den kasuetan

Osoko Bilkuran onetsia. 2020ko urriaren 15ean

1.- Espainiako Gobernua premiatzen da egin beharreko aldaketak egin ditzan urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean, halako moduan non interesdunak erretiroa bere borondatez aurreratu duen kasuetan nahiz langilearen borondate libreari egotz ezin dakiokeen arrazoi batengatik lanari utzitako kasuetan ez baitira aplikatuko lege horren 207. eta 208. artikuluetan ezarritako murrizketa-koefizienteak, baldin eta 40 urteko edo gehiagoko egiazko kotizazio-denbora kreditatzen bada.

 

2.- Estatuko Gobernuari eskatzen zaio egin beharreko aldaketak egin ditzan urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean, halako moduan non pentsiodunak erretiroa hartzeko legez ezarritako adina betetzen duen unetik aitzina ez baitira murrizketa-koefizienteak aplikatuko, baldin eta erretiro aurreratua borondatez hartu bada eta langileari legearen 205.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera erretiroa hartzeko legez ezarritako adina betetzeko falta zaion hiruhileko bakoitzagatik edo hiruhileko-zatiki bakoitzagatik murrizketa-koefizienteak aplikatu bazaizkio.

 

3.- Espainiako Gobernua premiatzen da egin beharreko aldaketak egin ditzan urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean, halako moduan non erretiro aurreratua hartu duten pertsonei –erretiroa borondatezkoa nahiz derrigorrezkoa izan– ez baitzaizkie aipatu murrizketa-koefizienteak aplikatuko eta beren kotizazio-oinarriaren eta kotizatutako urteen arabera kalkulatuko baitzaie pentsioa, baldin eta besteren konturako langile gisa kotizatu badute araubide orokorrean, edo autonomoen araubidean, eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren kasuko aldaketak onesten diren unean 65 urte edo gehiago badituzte.

 

4.- Gobernu zentralari eskatzen zaio proposamen honetan aurreikusitakoari ez diezaion eragin derrigorrezko erretiroari buruz hitzarmen kolektibo bidez onetsitako klausuletan ezarritakoak eta aplikatzekoa izan dadin, hitzez hitz, langileari egotz ezin dakizkiokeen arrazoiengatiko erretiro aurreratuko kasuetan –207. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz– eta borondatezko erretiroko kasuetan.

 

Geroa Bai talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Suma eta PSNren abstentzioekin onetsi da.