Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Urtarrilak 18

Espainiako Gobernua premiatzen da 1978ko Sanferminetako gertakarien inguruko guztia desklasifikatzera

German Rodriguezen heriotza eragin zuen polizia kargaren inguruan irekita dauden sumarioen artxibatzearen ondoren erantzunkizunen garbiketa ahalbidetu asmoz

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, I-E eta PSNren aldeko botoekin eta PPNren abstentzioarekin, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen da “behar den erabakia har dezan, Sekretu Ofizialei buruzko apirilaren 5eko 9/1968 Legean ezarritakoarekin bat –urriaren 7ko 48/1978 Legeak aldatu zuen–, 1978ko Sanferminetako gertakariak direla-eta Estatuko Administrazioan dauden afera, egintza, dokumentu, informazio, datu eta objektu guztiak desklasifikatzeko, eta zehazki, honekin batera doan eranskinean adierazitakoak”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren puntuan adierazten du “Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuaren Ministro Kontseiluari igorriko diola mozio hau”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek sustatutako ebazpenak Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Batzordean, “Sanfermines 78: Gogoan!” herri ekimenaren ordezkariekin iazko otsailean burututako lan-bilkura aipatzen da, bertan ordezkariek azaldu baitzuten nolako ekimen-kanpaina egiteko asmoa duten datozen hilabeteetan, 1978ko sanferminetan Iruñean izandako gertakarien 40. urteurrena betetzearen karietara. Halaber, eskaera zehatza egin zuten, hain zuzen ere, mozio honetan jasotzen den erabaki proposamenean adierazten dena.

 

Testuinguru honetan, 1976ko maiatzaren 9an Montejurran jazotako gertakariekin antzekotasunak ezartzen dira, eta zentzu honetan oroitarazten da Nafarroako Parlamentuak 2016ko azaroan erabaki zuela Espainiako Gobernua premiatzea gertakari haiekin zerikusia zuten afera guztiak desklasifika zitzan.

 

Bultzatzailearen hitzetan, “poliziaren datuen arabera”, 1978ko uztailaren 8an “130 pistola eta subfusil bala, gomazko 4.000 pilota baino gehiago eta ia 2.000 ke-pote eta gas negar-eragile jaurti ziren”, eta arrazoi honengatik Iruñeko Udalak jaiak bertan behera utzi zituen.

 

Hala eta guztiz ere, azpimarratzen da “ez zela aitortu inolako erantzukizun penal, zibil edo politikorik. Gertakari horiek zirela eta abiarazitako sumarioak auzitegiek artxibatu egin zituzten. Inor ez zen auzipetuen aulkian eseri ere egitera iritsi”.