Noiz argitaratua Asteartea, 2018.eko Martxoak 27

Apirilaren 12an eztabaidatuko dira Osoko Bilkuran Ultzamako biometizazio plantari buruzko Ikerketa Batzordeak gaur onetsi dituen ondorioak

Irizpenak Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-Eren ekarpenak biltzen ditu eta irregulartasunak frogatutzat ematen dituzte, UPN, PSN eta PPNk berriz legaltasunaren barnean irizten dute guztia

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek bultzatuta 2017ko maiatzaren 30ean sortutako Ikerketa Batzordeak, Iraizotzeko (Ultzama) biometizazio plantaren inguruko jarduketak legezkotasunarekin bat datozen argitu eta zehazteko sortu zenak, gaur onetsi du ondorioen irizpena, eta apirilaren 12an Osoko Bilkurara eramango da azken eztabaida eta bozketarako.

 

Irizpenak Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren ekarpenak osorik biltzen ditu, eta “Iruñeko instrukzio epaitegira, Kontu Auzitegira, Ultzamako Udalera, Sodenara eta Kontuen Ganberara bidaltzea da asmoa, erantzukizunak zehazteko elementu berriak dituela uste baitute”. UPN, PSN eta PPNk aurka bozkatu dute.

 

UPN eta PSNren ondorioak irizpenetik kanpo gelditu dira Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin. Biak, hala ere, boto partikular gisa mantentzen dira Osoko Bilkurako eztabaida eta bozketan. PPNk ez du ondorio dokumenturik aurkeztu, eta UPN eta PSNrenetan abstenitu egin da. Hauen dokumentuak babesik gabe baztertu dira, UPN eta PSN abstenitu baitira besteenean.

 

Ondorioei dagokienez, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek bat egiten dute, uste baitute Ikerketa Batzordeak frogatu ahal izan duela arlo pribatuari zegokion ekintza bat, minden trataera alegia, udalak bereganatu zuela.

 

Patxi Leuzak (Geroa Bai) onetsitako 93 ondorioren dokumentuaren “gertaeren errelatu perfektua” defendatu du, eta zentzu horretan, agerraldietara joandako batzuen jarrera deitoratu du, informazioa eskaintzeari uko egin baitiote. “Ez ditugu UPNk bere alderdiko alkatea salbatzeko asmotan Kontuen Ganbera kaltetzeko egin dituen eraso saiakerak eta irainak onartzen, Agerraldietara etorritako guztiek aitortu dute ezinezkoa zela planta honen jarduera milioi bateko inbertsiorik gabe mantendu, nahiz eta UPN eta PSNk aditzera eman itxiera egungo udalaren erantzukizuna dela”.

 

Adolfo Araizek (EH Bildu) ere gaitzetsi du zenbaitek deklarazioak emateari uko egin izana, are gehiago, Perez Arregui jaunak esaterako, “arduradun nagusiak”, kargu publiko bat betetzen baitzuen eta baitu (Ultzamako alkate ohia, Toki Administrazioko Zuzendari Nagusia eta egun zinegotzia). Araizek esan du hondakinen kudeaketa “ez dagokiela toki entitateei” eta Ultzamako Udalak 2007 urtetik ekintza hori bere gain era “negargarrian” hartzeak egun neurtu gabe dauden ondorio ekonomikoak ekarri zituela. “Perezek aukera izan zuen egia ala gezurra zela esateko, baina ihes egitea erabaki zuen, ezkutatzea. Inork ez dio Perezi lapurtu izana egotzi, baina bai Batzorde honetan isildu izana”.

 

Ruben Velascok (Podemos – Ahal Dugu) ziurtatu du “UPN lehen egunetik oztopoak jartzen saiatu den arren, gu ekintza hau udalak eskuratzearen prozesu honen aurrekarietan zentratu gara, eta ikusi dugu Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuaren eta Ultzamako Udalaren arteko harremana oso estua izan dela, enpresa pribatu baten etekina lortzeko. Erantzukizun politikoak argi daude. Prebarikazio delitu baten aurrean gaude, nahiz eta auzitegiek zehaztu beharko duten”.

 

Marisa de Simonek (Izquierda-Ezkerra) UPNren interpretazio partziala aipatu du “diru publikotik hiru milioi xahutu zirela egiaztatu baino lehen. Batzorde honetan frogatu da, Kontuen Ganberaren txostenean frogatu zen gisan. Oso larria da UPNk organo fiskalizatzaileari ikerketa zaildu izana egoztea. Hor dago Perez jaunaren erantzukizuna, UPNk defendatu nahi duena”.

 

Sergio Sayasek (UPN), bere aldetik, bere taldeak burututako ondorio txostena defendatu du, non azaltzen den “momentu oro indarrean dagoen legea bete dela. Horrez gain, udal idazkariei gezurra esatea egotzi zitzaion. Planta ongi esleitu zen, bailaran minden arazoa konpontzea zen helburua. Ondoren alternatiba bat bilatu zen, baina Bilduk alkatetza lortzean berehalako itxiera politiko bat egon zen. Honek eragin duena izan da diru-laguntza guztiak itzuli behar izatea, eta udalari bost milioiko gastua suposatuko dion arazo juridiko bat sortzea. Politika egiteko justizia erabiltzea hautatu dute, eta gainera ez diete arrazoia eman, dena artxibatu baita. Batzorde hau ez zen ikertzeko sortu, baizik eta egozteko. Ondorioan aurretik zehaztuta zeuden. Kontuen Ganberari dagokionez, bere Lehendakariaren jarrera politikoa izan da”.

 

Guzmán Garmendiak (PSN) irregulartasun faltarik ez dagoela adierazi du. Arazoak mahai gainean jarraitzen du eta hemen inork ez du irtenbiderik proposatu. Ez gaude gai politiko baten aurrean, administrazio gai baten aurrean baizik, kaltetutako aldeek salatu dezatela. Batzorde honek ez dio mesede egiten gizarteak Parlamentuari eskatzen dionarekin. Hitzartze batzuek lotsatzen naute, gaurko batzuk barne”.

 

Javier Garcíak (PPN) gogorarazi du “hasieratik esan zutela ez zirela “paripé” honen parte hartzaile izango, Nafarroako Gobernuko kudeaketa negargarria ezkutatzeko sortua”, eta azpimarratu du Batzordean ikusitakoaren arabera dena “legaltasunaren barnean dagoela, nahiz eta horrek ez duen Udalaren eta plantaren kudeaketa txarra justifikatzen. UPN eta PSNren ondorioetatik gertuago gaude besteengandik baino. Denbora galdu da eta arazoak dirau”.

 

Osoko Bilkuran (apirilak 12) onetsiko diren ondorioak, ez dira Auzitegientzat erabakigarriak izango eta ez dute epai judizialetan ondoriorik izango, eta Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira baita Foru Diputazioari komunikatu ere.

 

Parlamentuko Mahaiak hilaren 22an onetsitako arauekin bat, Batzordeak ikergai izanen ditu “Iraizotzen (Ultzama) abereen mindetan oinarrituta elektrizitatea ekoizteko planta bat egiteko obra publikoaren eta horren geroko ustiaketa egiteko kontzesioaren prozedura, proiektu teknikoak, kontzesioa Bioenergía Ultzama SAri laga izana, zinegotzi batzuek enpresa horretan parte hartu izana bazkide gisa, jardueraren nondik norakoa eta plantaren itxiera, bai eta Nafarroako Gobernuko departamentuek diru-laguntzen bidez emandako funts publikoen erabilera eta xedea ere”.

 

Ikerketa batzordeak bere eginkizunak amaitu arte dihardu lanean, kasuak kasu, legegintzaldi amaiera arte.

 

Maiorga Ramírez buru dutela, honako kide hauek izan dira ikerketa batzordean: Sergio Sayas, Juan Luis Sánchez de Muniáin (UPN talde parlamentarioa), Unai Hualde, Patxi Leuza (Geroa Bai talde parlamentarioa), Adolfo Araiz (EH Bildu talde parlamentarioa), Rubén Velasco, Carlos Couso (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa), Guzmán Garmendia, Santos Cerdán (PSN talde parlamentarioa), Javier Garcia (PPNko foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea).