Noiz argitaratua Osteguna, 2013.eko Otsailak 14

Andosillako Udalari dagozkion 84.698 metro koadroren onura publikoa deklaratu eta haien desafektazioa onesten duen Foru Legea onetsi dute

Parlamentuak aho batez onetsi du gaur Andosillako Udalari dagozkion 84.698 metro koadroren onura publikoa deklaratu eta haien desafektazioa onesten duen Foru Legea.

Neurriaren xedea ondoren 142.895,53 metro koadrorekin truke egitea da, hartara, “Santa Cruz baselizaren inguruan eremu bat sortzeko; izan ere garrantzi handiko tokia da Andosillako bizilagunentzat, bertan erromesaldiak eta erromeriak ospatzen baitira. Etorkizunean, gainera, turismoaren eta ingurumenaren arloko jarduketak egiteko asmoa dago”.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluko 5. idatz-zatian xedaturikoaren arabera, Andosillako Udalak eskatzen duen desafektazioaren eremuak lurzati txikiaren mugak gainditzen dituenez, foru lege bidez onetsi behar da.

Onetsitako legeak honakoa dio:

1. artikulua. Onura publikoaren deklarazioa.
Andosillako Udalaren herrilurretako 84.698 metro koadroren onura publikoa deklaratu eta haien desafektazioa onesten da. Eremu hori 6. poligonoko 840. lurzatien puska bati dagokio. Lur horiek herri ondasuntzat joko dira foru lege honen 2. artikuluko baldintzetan trukea egin arte.

2. artikulua. Zuzenean trukatzeko baimena.
Andosillako Udalari baimena ematen zaio aurreko artikuluan deskribatutako lurren trukea egiteko, honakoekin: 142.895,53 metro koadro, María Jesús Pardo Sádaba andrearen jabetzakoak, 1. poligonoko 1345. lurzatia (92.054 metro koadro), 1347. lurzatia (20.841 metro koadro) eta 1348. lurzatia (30.000 metro koadro) hartzen dituztenak. Xedea da lurra eskuratzea Santa Cruz ermitaren inguruetan, betiere baldintza hauek betetzen badira:

a) Trukea egiteko itunaren klausula batek xedatu dezala lurrak herri ondarera itzuliko direla baldin eta desafektatzera bultzatu zuten xedeak edo desafektazioaren baldintzak desagertu edo bete gabe uzten badira.

b) Itzulketa klausula hori jaso dadila kontratuak formalizatzeko Jabetza Erregistroan inskribatzen diren agiri publikoetan, Andosillako Udalak 2012ko uztailaren 28an onetsitako baldintza agirian agertzen den bezala.

c) Andosillako Udalak herrilurretako 84.698 metro koadro desafektatzeko 2011ko uztailaren 28an onetsi zuen baldintza agirian adierazitako estipulazioak bete daitezela. Eremu hori Andosillako katastroko 6. poligonoko 840. lurzatien puska bati dagokio.

d) Bereziki, María Jesús Pardo Sádaba andreak hartutako konpromisoa, bazkalekuaren jabea den aldetik, 1. poligonoko 1345. eta 1347. lurzatien eta 1348. lurzatien puska baten gainean, honetarako: baimena emateko eraikinak edo instalazioak egiteko; landaketa berriak errespetatzeko edo ondoko eremuen hobekuntza baimentzeko; ermitan ospakizun ofizialak egin aurreko bi hilabeteetan, aziendarik ez botatzeko erromerietara joaten direnek erabiltzen dituzten tokietara bazkaltzera, eta, azkenik, ahaleginak egiteko, urte guztian, aziendak kalterik sor ez dezan instalazioetan edo baldintza higienikoetan.

e) Konpromiso hori islatu beharko da trukea formalizatzen duten eta Jabetzaren Erregistroan inskribatuko duten agiri publikoetan.

Azken xedapenetan lehena. Aplikazio eta garapenerako xedapenak.
Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio behar adina xedapen eman ditzan foru lege hau aplikatu eta garatzeko.

Azken xedapenetan bigarrena. Indarra hartzea.
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.