Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Irailak 14

Altsasuko kasua dela-eta, Parlamentuak ezbaian jarri ditu gertaeren kalifikazioa eta proportzionaltasunik eza

Europar Batasuneko organoen aitzinean egin beharreko zuzemenak egin ditzan premiatzen du Foru Gobernua, Oinarrizko Eskubideen Europako Gutuna beteko dela bermatzeko

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur ebazpen bat onetsi du, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “egin beharreko zuzemenak egin ditzan Europar Batasuneko kasuko organoen aitzinean, zehazte aldera ea horien ustez Espainiak behar bezala egin duen terrorismoaren zigor tratamenduari buruzko Europar Batasunaren aurreikuspenen transposizioa”.

 

Onetsitako ebazpenaren bigarren puntuan, gainera, Foru Gobernua premiatzen da “egin beharreko zuzemenak egin ditzan Europar Batasuneko kasuko organoen aitzinean, zehazte aldera ea horien ustez bateragarriak diren Altsasuko kasua dela-eta fiskalak egindako eskaria eta Oinarrizko Eskubideen Europako Gutunaren 49.3 artikuluan aurreikusitakoa”.

 

Jada hirugarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio, halaber, “egin beharreko zuzemenak egin ditzala Europar Batasuneko kasuko organoen aitzinean, hau bezalako egoera neurrigabeak ekiditeko irizpideak bateratzeko, Europako Gutunak eta Eurojust-ek aurreikusitakoari jarraikiz”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldeek sustatutako ebazpenak gogorarazten du Nafarroako Parlamentuak behin eta berriro agertu duela bere iritzia Altsasuko kasua dela-eta, eta, horri dagokionez, ezbaian jartzen du Fiskaltzaren eskaera, esanez ez duela “behar bezala egin Europako legeen transposizioa”, ez gertaeren kalifikazioan (ekintza terroristak), ezta Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 49.3 artikuluan jasorik dagoen proportzionaltasun printzipioaren interpretazioan ere.

 

Proposatzaileek Izaskun Bilbao (ALDE), Josu Juaristi (GUE/NGL), Marina Albiol (GUE/NGL) eta Xabier Benito (GUE/NGL) eurodiputatuen ekimenarekin lerrokatu dute beren mozioa. Eurodiputatu horiek galdera bat aurkeztu zioten Europako Batzordeari, Espainiako Estatuan Europak terrorismoari buruz emandako definizioaren “transposizio okerra” egin izanari buruzkoa.

 

Gogora ekarri behar da Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 375 urteko espetxe-zigorra eskatu duela Altsasuko 8 gazteentzat. Herriko festetan 2016ko urriaren 15ean gauez izandako gertakarietan daude inplikatuta, zeinen ondorioz Guardia Zibileko bi agenteri eraso zieten haien aisialdian.