Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Irailak 17

Adierazpen instituzional bat onetsi da, zeinaren bidez, Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du beharrezkoa dela memoria kolektiboa erabat berreskuratzea

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2018ko irailaren 17an

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du beharrezkoa dela memoria kolektiboa erabat berreskuratzea. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Alde bozkatu dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik, PSNk eta Izquierda-Ezkerrak; UPNk lehendabiziko puntuaren alde bozkatu dute eta abstenitu egin dira bigarrenean, hirugarrenean eta laugarrenean. PPNk, berriz, lehendabiziko puntuaren alde bozkatu du, abstenitu egin da bigarrenean eta hirugarrenean, eta aurka bozkatu du laugarrenean.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du hainbat aldiz adierazitako jarrera: beharrezkoa eta komenigarria da memoria historikoa erabat berreskuratzea; zehazki, diktaduraren eta errepresio frankistaren garaiari dagokion guztia, halako moduan non ase egin ahal izanen baitira garai hartako biktimei eta gizarteari oro zor zaizkien egia, justizia eta erreparazioa.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak adierazi nahi du dikatura frankistaren figura eta protagonista nagusi Francisco Franco diktadorearen gorpuzkiak 40 urte luzez Erorien Haranean egon izana, horrek esan nahi duen guztiarekin, laidoa eta iraina dela bere biktima guztientzat, eta memoria historikoa berreskuratzearekin bateraezina dela.

 

3.- Nafarroako Parlamentua ados dago eta babestu egiten du Francisco Franco diktadorearen gorpuzkiak hobitik ateratze aldera Diputatuen Kongresuak hartutako erabakia, eta dei egiten dio Espainiako Gobernuari erabakia albait lasterren gauzatu dezan, hobitik ateratze horrek daukan esangura guztia emanez eta nabarmenduz.

 

4.- Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Espainiako Gobernuak Memoria Historikoari buruzko 52/2007 Legea alda dezan, II. Errepublikaren legezkotasun legitimoaren defendatzaileen aurkako sententzia frankistak baliogabetzea onesteko eta Erorien Haranaren desakralizazioari eta beste esangura bat emateari ekiteko.”