Noiz argitaratua Ostirala, 2018.eko Maiatzak 4

‘Lur azpitik lur azaleratuz’ erakusketa inauguratu da Parlamentuan

Maiatzaren 31 arte ikusgai egongo den bildumak Ezkabako gotorlekuaren historia islatzen du, 1934tik 1945era presondegi gisa eta ondoren, isiltasun hamarkada batzuk geroago, memoria historikoa berreskuratzeko proiektu gisa

Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, Ainhoa Aznárezek, ‘Lur azpitik lur azaleratuz’ erakusketa inauguratu du gaur eguerdian, izaera didaktikoa duen bilduma bat, plastifikatutako 32 oihal taularen bidez Ezkabako Gotorlekua 1934 eta 1945 urteen bitartean presondegi gisa ezagutzera emateko asmoa duena, eta ondoren, isiltasun hamarkada batzuk geroago, memoria historikoa berreskuratzeko proiektu gisa

 

Lehendakariaren hitzetan, bildumak “historia ezkututik eta isildutik bidai bat eskaintzen du, zuenak bezalako elkarteen lanari esker azkenean kontatu dena. Ezkabako ihesaldiaren berregite baten aurrean gaude, interes kulturala duen lekua baina batez ere, interes emozionala duena, botilen hilerriarekin eta errepresio frankistaren 2.497 biktimekin”.

 

Hala, erakusketa honek “balio errepublikarrak defendatzeagatik basakeria hau jasan zuten 3.452 pertsonen mina, sufrimendua, ausardia eta ohorea erakusten duten istorioak” kontatzen dituela azaldu du, eta azpimarratu du “aurrerapenean eta bakean oinarritutako herri bat osatzeko helburua zuten pertsona hauek lurrari, askatasunari eta berdintasunari maitasuna” ziotela. “Hautetsontzietan lortu ez zuten boterea armen bidez lortzea erabaki zutenek sortu zituzten oztopoak. Ez zen inoiz gertatu behar, eta honek balioko digu berriz gertatu ez dadin”.

 

Ainhoa Aznárezek nabarmendu du “biktimak laguntzeko balio duela bildumak, minaren aringarri txiki gisa, historiaren zati hau izan zen bezala gogoratzeko. Gure memorian gelditzen da oinutsik eta gosez, askatasun errepublikarraren bila, Gotorlekutik ihes egin zuten 795 presoen irudia”.

 

Jarraian, Víctor Oroz Lizarragak, Txinparta-Fuerte San Cristóbal elkarteko ordezkariak adierazi du “bilduma hau Ezkaban gertatutako errelatu tragikoa Estatura zabaltzeko enbaxadorea dela. Erakusketa hau instituzioen arteko lankidetzaren emaitza da, haiei baitagokie erreparazio moralaren Foru Legearen garapena, baita memoria elkarteekin ere. Gaizki kontatu eta transmititu den historia bat berreskuratzea da helburua. Hemendik deia luzatzen dugu maiatzaren 20an Gotorlekuaren atean 795 preso iheslariei eta 220 erailei egingo diegun 80. omenaldira etortzeko. Mila esker”.

 

Ondoren, Koldo Plak, Nafarroako Memoria Historikoaren Elkarteko historialariak eta Elisa Querejeta eta Lourdes Errastirekin batera erakusketaren egilea denak, preso bati eskainitako poema bat irakurri du eta jarraian, bertaratu direnei bisita gidatu bat eskaini die erakustetatik zehar.

 

Ekitaldia Ganberako atarian izan da, eta beste batzuen artean, Maiorga Ramírez, Mahaiko Lehen Idazkaria, Cristina Altuna (UPN), Isabel Aranburu (Geroa Bai), Miren Aranoa, Esther Korres, Dabid Anaut (EH Bildu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) egon dira.

 

Lur azpitik lur azaleratuz erakusketa Txinparta-Fuerte de San Cristobal, Red de Memoria Colectiva eta Aranzadi Zientzien Elkarteak burutu dute, 32 panel dira (1.45 cm x 90 cm), mural bat (3,20 x 1,60) eta argazki bat (2,40 x 1,20). Ganberako atarian egongo da ikusgai maiatzaren 31 arte, 10etatik 20etara astelehenetik ostiralera eta larunbatetan 11:30etatik 14:00etara.